Migratzaileen ezohiko erregularizazioarekin bat egin du Ordiziako Udalak
Udala osatzen duten alderdi guztien baietzarekin kaleratu du adierazpena.
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Ordiziako Udalaren bozeramaileen batzordeak pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazioaren aldeko adierazpen instituzionala argitaratu du, neurri berri hori «justizia sozialerako, giza duintasunerako eta oinarrizko eskubideak bermatzeko» tresnatzat jota. Udala osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin ondu dute adierazpena.
Baliabideak eskaintzea
Oharrean egindako adierazpenen harira, udalak «bere babes osoa» adierazi dio prozesuari, eta «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan die erregularizazioak eragiten dien pertsonei. Era berean, konpromisoa hartu du, «pertsona migratzaileen sustraitzea egiaztatu eta ziurtatzeko» beharrezko agiriak errazteko —errolda-ziurtagiriak, bizikidetza-ziurtagiriak eta gizarteratze-txostenak—, «erregularizazio-prozesura benetan iristea errazteko helburuarekin».
Udalak, halaber, «arrazakeria, xenofobia, gorroto-diskurtsoak eta migrazioaren kriminalizazioa» irmoki gaitzetsi ditu, eta giza eskubideen, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko konpromisoa berretsi du.













