‘Ongi etorri Zegamara!’ harrera plana aurkeztuko dute
Kanpotik Zegamara doazenei harrera egokia egitea du helburu. Elhuyar Aholkularitza ari da prozesua zuzentzen. Otsailaren 23an aurkeztuko dute orain arteko egindako lanaren emaitza.
Zegamako Udalak Ongi etorri Zegamara! harrera egituratzeko prozesua jarri du martxan, Elhuyar Aholkularitzaren gidaritzapean. Kanpotik Zegamara bizitzera doazen bizilagun berrien harrera politika egituratzea eta horretarako prozedura eta euskarri zehatzak sortzea izan dira orain arteko helburu nagusiak, herri ikuspegia eta begirada komunitarioa oinarri hartuta. Orain, aurrera begirako urratsei forma emateko eta orain arte egindakoa herritarrei azaltzeko saio ireki bat deitu du udalak astelehenerako —otsailak 23— 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.
Harrera egituratzeko prozesuari orain dela hilabete batzuk eman zioten hasiera. Orain artean, «bina saio egin dira udaleko arduradun politiko eta teknikariekin, eta beste bina gaian interesa agertu duten herritarrekin», azaldu du Leire Lizarralde Elhuyarreko aholkulariak. Lehendabiziko urratsa harreraren gaian Zegamako egungo egoeraren irakurketa partekatua egitea izan da, «indarguneak eta ahulguneak identifikatuz». Batetik, datu kuantitatiboak aztertu dituzte —erroldako datuak— eta bestetik, Zegamara bizitzera joan diren pertsonen ahotsak jaso dituzte.
Lehentasunak zehazten
Orain arte egindako lanketaren emaitza nagusietako bat baliabideen gida bat sortzea izan da; «hizkuntza ezberdinetan egongo dena eta erroldatu berri denarentzat euskarri garrantzitsua izango dena». Etorri berrien harreraz harago, harrera prozesuak orain dela urte batzuetatik Zegaman bizi diren jatorri ezberdinetako bizilagunengan ere eragin beharko lukeela hausnartu dute, egunerokotasunean sortu daitezkeen beharrei erantzun bat emateko: «Hizkuntzarekiko atxikimenduan, herriarekiko pertenentzian, harremanetan eta integrazioan, adibidez».
Hori horrela, hiru lan ildo nagusitan aritu dira lanean orain arte: baliabideen gida sortzen, lehen unean informazio eta harrera egokia bermatzeko; harrera maila instituzionalean eta komunitatean sustatzen, integraziorako eta parte hartzerako aukerak sortuz; eta hizkuntzaren kudeaketan eragiten, euskara ikasteko eta erabiltzeko aukerak handituz.
Prozesuaren lanketak dagoeneko eman ditu hainbat emaitza. «Modu partekatuan harrerarako baliabideen gida sortu da, hainbat hizkuntzatan eskuragarri egongo dena», esan du Lizarraldek. Gainera, Zegamara bizitzera etorri berri direnen harrera prozesua sistematizatzeko fitxa bat eta prozedura zehatza ere sortu da udal teknikari eta zinegotziekin, «udalak etorri berri guztiei modu antolatuan, koherentean eta berdintsuan egiteko harrera; informazioa eta beharrak modu egituratuan jasotzeko, pertsona berriak dituen behar administratibo, linguistiko, sozial eta komunitarioak argi identifikatzeko; udal langileen arteko koordinazioa hobetzeko eta parte hartzen duten pertsonen jarraipena bermatzeko». Azkenik, udal ordezkariek eta herritarrek osatutako harrera talde bat sortzeko oinarriak ere landu dituzte.
Zegamako biztanleriaren %11k jatorri atzerritarra du
Zegamako harrera plana egituratzen hasteko, erroldako datu kuantitatiboak aztertzea izan da lehendabiziko lanetako bat. 2025eko irailera arteko errolda datuen arabera, gaur egun, 1572 biztanle ditu Zegamak. Horietatik %89 —1.396— autoktonoak dira eta %11 —176— jatorri atzerritarra dutenak.
Adinaren arabera, 21 eta 50 urte bitartekoa da jatorri atzerritarra duen gehiengoa: 106; autoktonoen artean, berriz, 26 eta 80 urte artean metatzen da biztanleriaren gehiengoa, 825 denera. Sexuari erreparatuz, parekideak dira emakumezko eta gizonezko bizilagunen datuak bi kasuetan.
Jatorriari dagokionez, Kolonbia (47), Errumania (38) eta Marokoko (31) jatorria duten bizilagunak nabarmentzen dira guztien gainetik; Pakistan (11), Brasil, Nikaragua eta Portugalgoak (7na) jarraituta. Guztira, 21 jatorri ezberdinetako pertsonak bizi dira Zegaman.
Zegaman bizi diren jatorri atzerritarra duten bizilagunen bilakaeraren datuak ere bildu dituzte. 2010etik 2025eko irailera bitartean kopurua mantendu egin dela esan daiteke. 2010ean, 169 ziren; 2011n, 181 —orain arteko kopuru handiena— eta 2017 eta 2018an, 119 (baxuenak).













