Azken errematea eman beharko du asteburuan Ampo Ordiziak
Liga Erregularreko azken partida jokatuko dute, Madrilen. 6. postuan da, 5.arengandik puntu batera eta hurrengo bi taldeekin berdinduta. Autobusa antolatu dute Ordiziatik Madrilera.
Joan den astean Valladolid RAC taldearen aurkako partidan, harmailak bete zituzten zaleek.Lide Egizala Kirol denboraldiek ez dute lerro zuzenik jarraitzen; porrot segida batek itxaropena itzaldu dezake, eta garaipen kate batek ilusioa berpiztu. Aste gutxian sailkapeneko postuak erabat irauli daitezke, azken postuetatik goiko lehian sartzera igarota. Halaxe gertatu zaio denboraldi honetan Ampo Ordiziari.
Urtea sailkapeneko azken tokian hasi zuen Goierriko taldeak, zalantza eta kezka artean. Iraileko aurreneko partida irabazi bazuen ere, bost partida galdu baitzituen segidan. Horrela kontatu du Xabi Rodriguez taldeko entrenatzaileak: «Gogo handiarekin hasi ginen, baina aurreneko bi jardunaldietan bi lesio larri izan genituen, jokalari garrantzitsuetako bi kanpoan utzita». Egoera horri buelta ematea «zaila» zirudien arren, azken hiru jardunaldietan erakutsitako sendotasunak egoera errotik aldatu du: hiru garaipen lortuta, seigarren postura egin du jauzi, eta ligako titulua borrokatzeko play-offetarako txartela eskuratzeko lehian sartu da bete-betean. Duela aste gutxira arte urrun zirudiena eskura dauka orain.
Joan den asteburuan sailkapenean lider zen Valladolid Vrac taldea menderatu zuen Altamiran (26-19), eta sailkapenaz harago, garaipenak «konfiantza, sendotasuna eta sinesmena» eman dizkio taldeari. Rodriguezek garbi du zein izan den horren guztiaren giltza: «Dinamika txarrean geunden. Baina taldeak mentalki lan handia egin du, eta orain argi dugu zer egin behar dugun emaitzak lortzeko». Ziurtatu du jokalarien jarreran nabari dela aldaketa.
Azken partida jokoan
Liga Erregularreko lehen fasea bukatzeko partida bakarra falta zaie orain, eta asteburu honetan erabakiko da behin betiko sailkapena. Lehen sei sailkatuek titulua borrokatzeko play-offak jokatuko dituzte; gainerakoek, berriz, jaitsiera faseari egin beharko diote aurre. Ordiziarrek azken asteetan egindako susperraldia borobildu nahi dute, «jaitsieraren mamua» atzean utzi eta anbizio handiagoko helburu bati helduta.
Seigarren postuan da talde goierritarra, baina lehia estua du hurrengo bi taldeekin. Puntu kopuru bera dute Ciencias Sevilla eta Complutense Cisneros taldeek ere, eta puntu bakarrera dute aurretik CR La Vila. Hain justu, Cisneros izango dute asteburuan Madrilen jokatuko duten partidan aurkari. «Oso talde gogorra» dela ziurtatu du Rodriguezek: «Joko azkarra duen taldea da, eta selekziora hiru jokalari libratu zaizkie astebururako». Ez da lan erraza izango, baina mezua argia da ordiziarren artean, irabaztea «beste aukerarik ez» baitago. «Gure pentsamendu eta esfortzu guztiak daude larunbateko partida irabaztearekin; hortik aurrerakoa ezin daiteke aurreikusi, galdu edo irabazi ate ezberdinak irekitzen zaizkigulako», azpimarratu du Rodriguezek.
Altamiratik Madrilera
Azken asteetan Altamiran bizi izan den giro beroa funtsezkoa izan da susperraldian. Harmailetako babesa eta inguruko zaleen bultzada nabari izan ditu taldeak une zailenetan. Giro hori Madrilera eramateko asmoz, klubak joan-etorriko autobusak antolatu ditu, 20 euroan, plaza mugatuekin.
Rodriguezek animatzeko deia egin die zaleei: «Taldearentzat garrantzitsua izango da gertuko zaleen bultzada sentitzea». Azken urratsa egiteko unea dute orain.












