Debutatu du profesionaletan Zubizarreta IV.ak
Garaipenetik gertu izan dira Zubizarreta IV.a eta Imaz, baina Etxeberria eta Bikuña gailendu zaizkie, 22-19. Ataundarrek bi autobus bete dituzte partida ikustera joateko.
Kantxara atera dira ataundarrak amaieran, pankarta batekin.Hitza Urtarrilaren 14an jakinarazi zuen Baikok Beñat Zubizarreta 20 urteko pilotari ataundarrak bi urterako sinatu zuela enpresarekin. Urtarrilaren amaieran iragarri zuten, berriz, non debutatuko zuen profesionaletan: Azkoitiko Gurea pilotalekuan, otsailaren 21ean. Eta iritsi da eguna; gaur debutatu du Zubizarreta IV.ak, Imazekin bikotea osatuta, Peio Etxeberria eta Bikuñaren aurka. Garaipena gertu izan dute Zubizarreta IV.ak eta Imazek, 17-19 aurrea hartuta, baina Etxeberria eta Bikuña gailendu zaizkie azkenean, 22-19.
ETB1ek eman du partida zuzenean. Partida bukatu bezain pronto egin dioten elkarrizketan, bere gain jarri du ardura ataundarrak: “Pena bukaeran akats batzuk egin ditudalako. Hortxe egon gara, baina nire akats batzuen ondorioz ezin izan dugu irabazi”. Zubizarretak 11 tanto egin ditu, eta zortzi galdu ditu. “Alde horretatik tanto polit batzuk egin ditut, asko gozatu dut eta kristoren giroa egon da”. Aita azkoitiarra duenez, azaldu du “berezia” izan dela debuta han egin izana: “Kuttuna dut, aita hemengoa da, asko ibili gara Azkoitian eta esan zidatenean izugarrizko ilusioa”. Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko gogoz agertu da: “Astez aste entrenatzen jarraituko dugu ahalik eta maila hoberena ateratzeko eta ea bide luzea egiten dugun”.
Ataundarrek autobusa antolatu zuten debuteko partida ikustera joateko, eta bat ez, bi autobus bete dituzte herri kideari animoak emateko. Beheko bideo hau zabaldu du udalak; Aian da, Zubizarreta Azkoitiara abiatzeko prest zenean.













