Galdu egin du Ampo Ordiziak, eta besteei begira geratu da
Igandean jokatuko dute gainontzeko taldeek Liga Erregularreko lehen faseko azken partida.
Ampo Ordiziaren partida bat Altamiran, artxiboko irudian.Hitza Galdu egin du Ampo Ordiziak Liga Erregularreko lehen faseko azken partida. Complutense Cisneros zuen talde goierritarrak aurkari, eta 29-23 galdu du Madrilen. Autobusa antolatu zuen Ordizia Rugby Elkarteak taldeari behin betiko bultzada emateko, baina ez da nahikoa izan zaleen indarra. Bihar, igandean jokatuko dute gainontzeko taldeek –Silicius Alcobendasek ere jada hamar partida jokatu ditu eta atsedena du jardunaldi honetan– Liga Erregularreko lehen faseko azken partida, eta hala erabakita geratuko da sailkapena. Gaurko porrotarekin, seigarren postutik zazpigarrenera jaitsi da Ordizia eta 19 puntu ditu. Gainetik ditu Complutense Cisneros bosgarren postuan 22 punturekin, eta Huesitos La Vila seigarrenean 19 punturekin; atzetik, berriz, Real Ciencias Sevilla dago zortzigarren postuan, 18 punturekin, eta Unio Esportiva Santboiana bederatzigarren 17 punturekin. Besteen emaitzei begira geratu da talde goierritarra.













