Urolako Trena maratoiaren lehenengo edizio arrakastatsua
Victor Kipngtich Cheruiyotek irabazi du proba, ordubetetik jaitsita (0:59:04). Emakumezkoetan, Purity Chepchirchir Kipkoech izan da azkarrena, 1:08:04 denborarekin.
Korrikalariak irteeran. Urolako Trenaren inaugurazioaren mendeurrenaren harira, Urolako Trena Maratoia jokatu dute Zumarragan. Lehenen edizio honetan 750 korrikalari inguruk parte hartu dute, tartean nazioarte mailako atletak. Lasterketari hasiera emateko ekitaldi berezia egin dute: Ignacio Galdona eta Josefa Perez treneko langile ohiei oroigarria bana eman diete, eta haiek izan dira irteerako zinta moztu dutenak.
Parte-hartzaileek maratoi erdiko distantzia osatu dute, Zumarragako geltokitik Azpeitiko Trenaren Euskal Museora arteko ibilbidea eginez, gaur egun bidegorri bihurtuta dagoena. Ibilbidearen ezaugarriek marka onak lortzeko aukera emango zutela aurreikusten zen, eta horrela izan da: Victor Kipngtich Cheruiyotek irabazi du proba, ordubetetik jaitsita (0:59:04). Emakumezkoetan, Purity Chepchirchir Kipkoech izan da azkarrena, 1:08:04 denborarekin helmugaratuta.
Datorren urtetik aurrera maratoi osoa antolatzea da helburua, Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen duenean.
Zumarragan asteburu osoko festa izan dute herritarrek, gaurko lasterketak borobildu duena. Atzo, lasterketa solidarioa eta hainbat kontzertu izan ziren, eta gaurko lasterketaren ostean, arratsaldean ere ez da festarik faltako: 15:30etik 17:00etara Skapaie elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, eta 17:00etatik 19:00etara DJ Maikiñoren txanda izango da.
SAILKAPENA:
- Gizonezkoak
- Victor Kipngtich Cheruiyot (0:59:04)
- Denis Kipkoech (0:59:42).
- Reuben Mosin Mosip (1:00:16)
- Emakumezkoak
- Purity Chepchirchir Kipkoech (1:08:04)
- Caren Jeruto (1:09:11).
- Esther Chemtai Sichei (1:09:26)
Sailkapen guztia hemen.













