Euskara ikasten: seme-alaben eskola orduetan, eta doan
UEMAk eta AEK-k lankidetzan martxan jarritako 'Ongi etorri euskarara' ikastaroek euskararen hastapen mailan murgiltzeko beste modu bat ireki diete udalerri euskaldunetako gurasoei eta aitona-amonei, euskaltegietako ohiko ereduaz bestelakoa.
Ataungo taldeko ikasleak ikasgelan, aurrean irakaslea dutela.
Jon Urbe / FOKU Xalala riki riki umeen abesti ezaguna kantatzea: horixe izan zen eguneko ariketetako bat. Joan den asteazkenean gertatu zen, hilak 11 zituela, Ataunen (Gipuzkoa). Baina Ongi etorri euskarara deituriko ikastaroetako beste talderen batean ere izan zitekeen, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakunde AEK-k eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lankidetzan antolatutako ikastaro horietan propio ari baitira euskararen oinarrizko ezagutzak jasotzen jatorri urrunetatik etorritako hainbat guraso eta aitona-amona. Umeak ikastetxean dauden bitartean izaten dituzte eskolak, eta debalde. Iazko maiatzean aurkeztu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta familiek harrera ona egin diete ordutik: hamahiru herritan «mamitu» da ekinbidea, eta 120 ikasle pasatxok eman dute izena.
AEK-k hartu du ikastaroaren ardura Ataunen, Itsasondon, Legorretan, Zaldibian, Aizarnazabalen, Mutrikun, Orion, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Bizkaiko bi herritan: Areatzan eta Lekeition. Azpeitian (Gipuzkoa) udal euskaltegiak hartu du bere gain. Nafarroan, IKAren ardurapean, bi talde sortu dituzte: Leitzan eta Goizuetan. Egun indarra hartu duten migrazio fluxuen ondorioz, udalerri euskaldunenetan ere ugaritzen ari dira euskara ez dakiten bizilagun berriak, eta haien beharrei erreparatu nahi izan zaie, bereziki, ikastaroon bidez. Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoak eta eskolako martxak bultzatuta, aise euskalduntzen dira askotan bizilagun horien seme-alabak, eta, hain justu ere, hezkuntza komunitatearen sare zabal hori baliatuta etxe horietako helduak ere euskalduntzen hastea da helburua.
Eta ari dira bidea egiten. BERRIAk Ataunen eratu den taldekoekin egindako bisitan, euskaraz izan ziren diosalak, oinarrizko azalpenak eta eskerrak emateko hitzak. Joxemiel Barandiaran ikastetxearen bueltan antolatutako taldea da, eta batu diren guztiek seme-alabak edo bilobak dituzte eskolan. Herriko ikastetxe bakarra da, eta 165 haur ari dira bertan. Ongi etorri euskarara ikastaroan 11 heldu batu dira: bederatzi emakume, eta bi gizon.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.












