Alazne Estensorok 2028ra arte luzatu du kontratua Realarekin
Lazkaoko atezaina "oso pozik" dago kontratu berria sinatuta, eta "txikitako ametsa bete" duela nabarmendu du.
Garbiñe Etxeberria, Alazne Estensoro eta Maider Castillo, gaur, kontratu luzatzearen berri eman ondoren.Reala Alazne Estensorok (Lazkao, 2006) eta Realak akordioa lortu dute Lazkaoko atezainaren kontratua 2028ra arte luzatzeko. Jokalari txuri-urdinak Reale Arenan sinatu du kontratu, Maider Castillo emakumezkoen eliteko arduradunaren eta Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futboleko arduradunaren ondoan.
2021ean iritsi zen Zubietara Estensoro, hirugarren taldean jokatzeko. Harrezkero, etengabe egin du aurrera harrobiko maila guztietan: bigarren taldetik igaro, haren igoeran protagonista izan, eta lehen taldera iritsi arte. Lesio bat gainditu ondoren, denboraldi honetan egin du debuta F Ligan, “maila bikaina emanez eta atepean segurtasuna eta konfiantza transmitituz”.
“Hunkituta, Alaznek poz handia agertu du bere bizitzako klubean hazten eta lehiatzen jarraitzeko aukeragatik; etorkizun oparoko errealitate sendoa baita jada”, adierazi dute klubeko iturriek.
Txikitako ametsa beteta
“Oso-osoz pozik nago, 2028ra arte hemen jarraitzeak oso pozik jartzen nau. Txikitako ametsa da. C taldetik nator, gero B taldea eta gero lehen taldera ailegatzea eta debuta egitea oso-oso berezia da niretzako, txikitako ametsa, eta honi jarraikortasuna eman nahi nioke”, adierazi du Lazkaoko atezainak Realaren Youtubeko kanalean: “Lesioari buelta ematen oso-oso jakin dut, lehen baino indartsuago bueltatu naiz, eta oso pozik nago lehen taldean egonda eta orain disfrutatzea tokatzen da. Udan ikusten zen oso denboraldi polita zetorrela aurretik, oso pozik gaude eta uste dut onena etortzeko dagoela oraindik”.
Estensororen ametsa “debuta egitea eta Realean jokatzea” izan da beti, behin hori lortuta, Txapeldunen Liga jokatzea gustatuko litzaioke. Klubari zer ematen dio, eta klubak zer ematen dio ere galdetu diote. Hona erantzuna: “Nik uste dut Alaznek Realari ilusioa ematen diola, lana egiteko gogoa, gaztetasuna, eta Realak Alazneri bizitza eman dio, nigan jarri duten konfiantza ikaragarria da, oso eskertuta nago, eta esango nuke bata bestearentzat eginda gaudela”.
Zaleei Zubietara joateko deia ere egin die atezain lazkaotarrak: “Zubietan jokatzen dugunean zaleek egiten dute diferentzia, eta esango nieke gu ikustera eta animatzera etortzeko, denon artean aterako ditugulako gauza politak”.













