Jabetze eskola hasteko prest
Apirila eta ekaina bitartean, hiru ikastarotan parte hartzeko aukera dago. Izen ematea udaletxean, liburutegian eta online egin daiteke, martxoaren 11ra arte.
Clara Gutierrez adituak gidatuko du Lililagun ikastaroa. Angel Elorza Idiazabalgo Udalak apirila eta ekaina bitartean, emakumeentzako Jabetze Eskolaren baitan antolatuko dituzten ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du dagoeneko. Xilografia tailerra, Lililagun eta Ziklikotasuna ezagutzen dira antolatutako ekintzak. Interesa duten emakumeek martxoaren 11ra arteko epea izango dute izena emateko. Izen ematea udaletxean, liburutegian edo online egin daiteke. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, berdintasuna@idiazabal.eus helbidea edo 663 626 196 telefonoa zenbakia jarri dituzte eskuragarri.
Idiazabalgo Jabetze Eskola «emakumeen jabetzea eta parte hartze politikoa sendotzeko» espazio bat da, «jendarte justuago, anitzago eta osoagoa lortzeko» helburua duena. Ez da ohiko prestakuntza lekua, «mugimendu feministak garatutako jakintza ekoizpen kolektibo eta partekatuaren metodologia» erabiltzen duten heinean. Elkargune honetan, Idiazabalgo emakumeek «esperientziak eta jakintzak» partekatuko dituzte, emakumeak «subjektu aktibo eta parte hartzaileagoak» izatea ahalbidetuz.
Hiru proposamen
Hiru proposamen jarriko dituzte aurtengo ikasturtean Idiazabalgo emakumeen eskura. Guztiak euskaraz gauzatuko dira. Apirilaren 16an hasiko da xilografia ikastaroa. Eskuekin sortzeko ahalmena landuko dute, antzinako xilografia teknika ikasita. Bakarka zein taldean, irudiak, aldarrikapenak eta mezuak estanpatuko dituzte paperean edo oihalean. Grabatuaren historian nabarmendu diren emakume artisten ekarpena ere ezagutuko dute. Ikastaroan zehar sortutako estanpak erakusketa batean erakutsiko dituzte gero, «emakumeen artea plazaratzeko» xedez.
Bestalde, Clara Gutierrez, botanikan adituak gidatuko du Lililagun izeneko ekimena. Saioak arnasketa, luzaketa eta erlaxazio ariketen hasiko dituzte, ondoren herriko berdeguneak eraldatzeko. Landare ezberdinak landatu eta zainduko dituzte «jatekoak, infusioetarakoak, ukenduak egitekoak edo loreen edertasun eta usainaz gozatzekoak», talde lana, lankidetza eta sororitatea landuz.
Amaitzeko, ziklikotasunaz hausnartzeko saioa antolatu dute, Lehen Hezkuntzako 5. mailako haurrei zuzenduta. «Tailer esperientziala da, hilerokoa duten edo laster izan dezaketenentzat eta baita esperientzia hau bizi duten zaintzaile edo erreferente helduentzat ere», adierazi dute antolatzaileek. Helburu nagusia, «menarkiarako bidea elkarrekin eraiki eta ziklikoa izatearen bizipenak elkarbanatu eta hausnartzea» izango da.













