Japonian ikusitakoak Ordiziara ekarriz
Otsailaren 18tik Zuhaiztiko harreran ikusgai dago Jesus Mari Martinez artista ordiziarrak ondu duen erakusketa. Martxoaren 1era arte egongo da jendaurrean.
Jesus Mari Martinezen erakusketa ikusgai dago Zuhaiztin. Hitza Ordiziako Zuhaizti gizarte etxeko harreran bistaratu ditu jendaurrean Jesus Mari Martinezek (Tolosa, 1943) akriliko teknika erabiliz margotu dituen koadroak. Orain bi urte Japonera egindako bidaia bateko oroitzapenak jasotzen ditu, artistak berak ateratako argazkietan, erositako aldizkarietan, momentuan marraztutako zirriborroetan eta Pinterest plataformatik ateratako irudietan oinarrituta. Igandera arte egongo da ikusgai, martxoaren 1a, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik aurrera.
Japonian bisitatutako monumentuak zein ikusitako paisaia eta irudi esanguratsuak aukeratu ditu Martinezek margolanetarako. Fuji mendia, geishak eta zuhaitzak zein natura irudikatu ditu, baina bat bera ere ez du jatorrizko kolorean ondu, bere ikuspegi pertsonaletik abiatuta koloreak eraldatzea eta berrinterpretatzea gustatzen baitzaio aspaldian Ordizian bizi den artista tolosarrari. «Ikusten dudan horretan oinarritzen banaiz ere, jatorrizko kolorea aldatzea gustatzen zait», azaldu du.
Zaletasun gaurkotua
Gaztetatik izan du marrazteko zaletasuna, eta 83 urteetan denbora tarte luzea eskaini izan dio alor honi, modu autodidaktikoan. Akrilikoan zaletu da orain, baina aurretik beste teknika ugari probatu izan ditu, bateko zein besteko. 28 urterekin ezkondu zen, eta ordura arte olio-pinturan aritzen zen, baina ibilbide profesionalak artea alde batera uztea eraman zuen, eta erretiroa hartu arte ez zion berriz ere pinturari heldu.
Papiroflexian jardun zuen erretiratu zenean, eta ondoren, akuarelara igaro zen, baina orain, akrilikoan aurkitu du bere adierazpide nagusia. «Akrilikoak azkartasuna ematen dit; egun batean eman diezaioket kolorea. Olioz, berriz, geruzaz geruza jarduten duzu eta lehortzen utzi behar da», ziurtatu du.
Azkartasun hori dela eta, hain justu, nabarmendu du bi hilabeteko epean sortu dituela Zuhaiztin ikusgai jarritako artelan guztiak. Zailena, bere ustez, hasierako marrazkia egitea izan da, alegia, arkatzarekin irudiari aurreneko forma egokia ematea. Behin oinarria eginda, kolorea «azkar» aplikatzen du.
«Harrera beroa»
Ez da Ordizian ikusgai jartzen duen aurreneko erakusketa. Orain bi urte beste bat aurkeztu zuen Altarte elkartean. Oraingoan ere, «harrera beroa» izaten ari dela azpimarratu du, eta dagoeneko hasi da aurrera begirako beste asmo batzuei forma ematen. Lanean jarraitzen du; dagoeneko baditu ondu berri dituen beste zenbait lan, eta aurki Barrena aretoan beste erakusketa bat jartzeko baimena eskatzeko asmoa du. Teknika berriekin esperimentatzen ari da –kola zuria eta xaboi likidoa erabilita–. Martinezek garbi du sormenak ez duela mugarik.













