Ordiziako Alotza Haurreskolen Partzuergoan integratuko da
Udal arduradunek eta zentroko langileek elkarrekin eman dute erabakiaren berri. 2021ean abiarazitako integrazio prozesuaren emaitza izango da. Bi erakundeen arteko hitzarmena irailean sartuko da indarrean, ikasturte berriarekin. Integrazioak ekarriko dituen aldaketen berri emateko bilera irekia egingo dute.
Udal arduradunak eta zentroko langileak atzoko prentsaurrekoan.Izaro Villarreal Ordiziako Alotza haur-eskola Haurreskolen Partzuergoan integratuko da datorren irailean hasiko den 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren sare publikoaren parte izango da aurrerantzean. Udal arduradunek eta zentroko langileek atzo arratsaldean eman zuten erabakiaren berri, haur-eskolan bertan egindako prentsaurrekoaren bitartez.
Agerraldian izan ziren Adur Ezenarro alkatea, Ainhoa Jimenez zinegotzia eta Alotza haur-eskolako langileak. Azaldu zutenez, integrazioa ekaina eta uztaila bitartean bi erakundeek sinatuko duten hitzarmen ofizialaren bidez formalizatuko da, eta indarrean sartuko da irailean hasiko den ikasturte berriarekin batera.
Bost urteko bidea
Iragarritako urratsa ez da bat-bateko erabakia izan. Udal gobernuak 2021ean abiatu zuen haur-eskola sare publikoan txertatzeko prozesua, eta ibilbide horren guztiaren emaitza izango da integrazioa bera. Alkateak gogorarazi zuenez, iazko abenduan egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Ordiziako Udalaren eta Haurreskolen Partzuergoaren arteko jarduera-protokoloa; horrek eman zion hasierako bultzada ofiziala integrazioari.
Hurrengo urratsa otsaileko osoko bilkuran formalizatuko dela ere jakinarazi zuen Ezenarrok, Partzuergoari integrazio eskaera ofiziala eginda. Behin izapide administratibo guztiak osatuta, udalak eta Partzuergoak hitzarmena sinatuko dute uda atarian.
Alkatearen hitzetan, integrazioarekin batera hasieratik ezarritako bi helburu nagusiak beteko dira: batetik, Alotza haur-eskola sare publikoan integratzea eta, bestetik, gaur egun bertan lanean ari diren langileen jarraipena bermatzea. «Hasiera-hasieratik argi genuen Alotza sare publikoan integratu nahi genuela, baina betiere bertako langileen egonkortasuna bermatuta», nabarmendu zuen.
Ezenarrok ziurtatu du ordiziarrentzat «pauso garrantzitsua» izango dela integrazioarena, eta gaineratu du prozesua bera bertako langileekin «elkarlanetik eraikia» izan dela: «Hasiera-hasieratik eskutik joan gara langileekin; bilera ugari egin ditugu beraiekin, eta haien inplikazioa eta konfiantza giltzarri izan dira urrats hau posible egiteko».
Informazio gehiagorako
Hori guztia ez ezik, datorren ikasturteko matrikulazioari begira, herritarrek izan ditzaketen zalantzei erantzuteko hainbat argibide aurreratu zituzten. Jakinarazi zutenez, izen-ematea orain arte bezala Alotza haur-eskolan bertan egin beharko da. Apirilean abiatuko den matrikulazio-prozeduraren xehetasunak oraindik zehazteke daudela adierazi zuten, baina informazio guztia eskuratu ahala «garaiz eta modu egokian» helaraziko zaizkie familiei.
Bestalde, Partzuergoan sartzeak ekarriko dituen aldaketen berri emateko –besteak beste, doakotasunari, ordutegiei eta antolaketa gai berriei dagokienez– bilera informatiboa deituko dutela ere iragarri zuten. Saio horren bidez, familiek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte sare publikoan integratzeak ekarriko dituen berrikuntzak eta bide horretan, izan ditzaketen galderak argituko dituzte.
Udal arduradunek, azkenerako, integrazioak Ordiziako hezkuntza publikoaren eskaintza indartuko duela ziurtatu dute: «Herritarrentzat kalitatezko zerbitzu publiko baten aldeko urrats estrategikoa izango da».












