Asier Auzmendi: «Ibilbidea zoragarria da eta antolaketa oso ondo zaindu dugu, eskerrak eman nahi dizkiet laguntzaile guztiei»
Igandean Urolako Trena Maratoiaren lehen edizioa egin zuten, trenbidearen inaugurazioaren mendeurrena zela eta. Larunbatean ere hainbat ekitaldi izan ziren. Eguraldi bikaina lagun, ekimena oso arrakastatsua izan da.
Asier Auzmendi urretxuarra, egitasmo honen sustatzaile nagusia, «oso gustura» ageri da. «Eguraldi zoragarria egin du eta jende asko elkartu da bi egunetan. Larunbatean dortsalak jasotzeko postuan eta arratsaldeko kontzertuetan, igandean ibilbide osoan zehar… Urretxun, Zumarragan, Aizpurutxon, Azkoitian, Loiolan, Azpeitian… kaleak jendez gainezka egon ziren».
Gainera, herrietako elkarteek lasterketa girotu zuten: irteeran Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek jo zuten, Areizaga-Kalebarren plazan Xabier Zalduak eta bere seme-alabek aizkora erakustaldia egin zuten, Ederrena pilotalekuaren ondoren herri kirol elkartekoek ingude erakustaldia egin zuten, Urretxuko geltokian txistulariek jo zuten, Etxeberri auzoan Dj Pikatronikek bertaratutakoak dantzan jarri zituen, Urruzti baserrikoek idiak bidegorrira atera zituzten…
Horretaz gain, parte hartzea primerakoa izan zen. Ia 800 korrikalarik parte hartu zuten. Horien artean, hainbat kenyar eta bi influencer: Iban Garcia azkoitiarra eta Verdeliss nafarra. «Gure erronka irabazleak ordu bat baino gutxiago behar izatea zen eta bi lehenengoek ordu bat baino gutxiago behar izan zuten lasterketa amaitzeko. Kenyarrek primeran pasa zuten. Erakustaldia egiteaz gain, Azpeitian elektrotxarangarekin dantza egin zuten».
Horri guztiari esker, lasterketak oihartzun handia lortu du komunikabideetan: igandean ETBko albistegietan tokia egin zioten, Euskadi Gaztean ere Urolako Trena Maratoiari buruz hitz egin dute…
Antolaketa onari eta eguraldi bikainari esker, parte hartzaileek primeran pasa zuten. «Parte hartzaileen %80 gipuzkoarrak izan dira, baina Euskal Herriko gainerako lurraldeetako korrikalariak ere etorri dira. Baita Estatu espainiarrekoak ere: kanariarrak, madrildarrak, murtziarrak, gaztelarrak…», azaldu du Auzmendik. «Lasterketak izan duen harrera ikusita, hurrengo edizioa prestatzen hasi beharko gara. Igandean bertan, datorren urteko edizioko izen-emateagatik galdetu zidaten. Ibilbidea zoragarria da eta antolaketa oso ondo zaindu dugu. Ea datorren urtean Zumaiaraino joaterik dugun. Dena den, batzuk maratoi erdia ere egitea nahi dute».
Urretxuarrak eskerrak eman nahi dizkie Urolako Trena Maratoia egitea posible egin duten guztiei. «Eskerrak eman nahi dizkiet bidegurutzeetan, anoa postuetan… egon diren guztiei. 120 laguntzaile inguru izan ditugu. Horiek gabe, ezinezkoa izango litzateke».












