UZ Trail egingo dute igandean Urretxun eta Zumarragan
Hiru lasterketa izango dira aurten ere: motza, ertaina eta luzea. Argazki lehiaketa ere egingo dute.
Igandean, martxoaren 1ean, UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun eta Zumarragan. Urteroko moduan, hiru ibilbide izango dira aukeran.
Ibilbide motzak 6 kilometroko luzera eta 250 metroko desnibela izango du, ertainak 12,1 kilometroko luzera eta 800 metroko desnibela eta luzeak 23 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibela. Luzekoak 09:00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik eta motzekoak eta ertainekoak 09:30ean. Ibilbide luzezko korrikalariek Izazpi eta Irimo mendiak igoko dituzte eta ertainekoek Izazpi bakarrik.
Dagoeneko ia 400 lagunek eman dute izena. Izen-ematea zabalik da oraindik. Izena emateko, rockthesport.com webgunera jo behar da. Proba luzekoek 30 euro ordaindu behar dute, ertainekoek 20 eta motzekoek 13. Izena emateko azken osteguna da. Proba luzean eta ertainean 18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete. 18 urtetik beherakoek motzean parte hartu behar dute.
UZ Trail mendi lasterketa atzo goizean aurkeztu duten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpen ekitaldian Patxi Catalan probako zuzendariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Aratz Gallastegi Urretxuko Udaleko Kirol teknikariak parte hartu zuten.
Boluntarioei esker ona
Catalanek eskerrak eman zizkien udalei eta babesleei. «Ia 400 lagunek eman dute izena dagoeneko. Eguraldi ona egitea bakarrik behar dugu». Horretaz gain, datorren urtean UZ Trailen autonomien arteko Espainiako txapelketa jokoan egongo dela aurreratu zuen. «Apirileko bigarren astean egingo da, seguru aski».
Serranok eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta beraien laguntzaileei, urte hauetan guztietan egindako lanagatik. «Lan handia dago atzetik», esan zuen.
Gallastegik ere antolaketan lan egiten dutenak gogoratu zituen. «Horrelakoak antolatzen dituztenei eskerrak eman behar zaizkie. Horiek gabe ez baitago ekitaldiak aurrera ateratzerik. Ea egun polita pasatzen dugun».
Korrika egiteko asmorik ez dutenek, argazki lehiaketan parte har dezakete. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, martxoaren 4ko 14:00ak baino lehen, argazkielkartea@gmail.com helbide elektronikora bidalita. Mezuarekin batera honako datuak zehaztu beharko dira: izen-abizenak, adina, herria eta telefono zenbakia. Antolakuntzak mezuaren jasotzearen baieztapena bidaliko du. Sari banaketa apirilaren 13an egingo da, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean.












