Goierriko Berrikuntza Gunea, Made in Goierri zikloko aurreneko hitzaldian
Berrikuntza gunea aurkeztuko dute Lortek-eko, Goiekiko eta Goierri Fundazioko arduradunek. Bigarren hitzaldian, berriz, Ane Alvarez Ugalde ordiziarra finantza erabakiez ariko da, martxoaren 6an.
Ezker-eskuin: Carlos Ormazabal, Pedro Alvarez eta Iker Galparsoro.Hitza Urtarrila, matematikaren bila zikloaren ondoren, urteko bigarren ekitaldi sortari ekin dio Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiak, Made in Goierri zikloa martxan jarrita. Lehenengo ekitaldia Emakume eta Neska Zientzialarien Egunaren harira antolatu zuen Lemniskatak; Abentura Kuantikoa antzerkia eskaini zuten LH 5. mailako ikasleentzat. Ostiralean, berriz, hitzaldi zikloari ekingo diote. Goierriko Berrikuntza Gunea aurkeztuko dute Iker Galparsoro Goieki Goierriko Garapen Agentziako zuzendari nagusiak, Carlos Ormazabal Goierri Fundazioko zuzendari gerenteak eta Pedro Alvarez Lortek zentro teknologikoko zuzendari nagusiak.
Goierritarrak dira hirurak; Galparsoro ordiziarra, Ormazabal zegamarra eta Alvarez beasaindarra. Ostiralean, otsailak 27, Igartzako jauregian ariko dira, 19:00etatik aurrera. Ezagutza, teknologia eta lurralde-garapena uztartzea du helburu berrikuntza guneak, enpresen eta hezkuntza-eragileen arteko lankidetzaren bitartez. Lortekek, Goierri Fundazioak, Goierri Eskolak eta Goiekik osatzen dute.
Bigarren hitzaldia, aldiz, Ane Alvarez Ugalde ordiziarrak eskainiko du, finantza erabakien inguruan. Finantza eta emozioen artean: zergatik huts egiten dugu finantza erabakietan izenburupean, martxoaren 6an egingo du Igartzako jauregian (19:00). Matematikan graduatua da EHUn, eta UNEDen Ekonomian graduatua. Finantza eta Banka Kuantitatiboen Masterra egin zuen gero. Bi urtez Repsol Trading-en lan egin ondoren, Laboral Kutxan egiten du lan gaur egun, finantza arriskuak baloratzen.
‘Lemniskata Kaierak’ bildumako zortzigarrena
Martxoaren 13an izango da hirugarren hitzaldia. Lemniskatak Lemniskata Kaierak bildumako zortzigarren liburukia aurkeztuko du Begirada Osagarriak izenekoa, Igartzako jauregian, 19:00etan. Argazki Matematikoen Lemniskata nazioarteko lehiaketaren hamargarren urteurrenean jarri zuen sare herrikoiak bilduma martxan; saritutako lanak biltzen ditu, irakurketa matematiko, fotografiko edota artistikoekin.
Hitzaldiekin amaitzeko, Maite Fernandez Azconak Hormetan idatzitako historia: ondarea zaintzearen erronkak Beasainen egindako esku hartzetik abiatuta hitzaldia eskainiko du (Igartzako jauregia, 19:00). Arte Ederretan lizentziatua da, eta 20 urtetik gorako esperientzia du ondare historiko-artistikoaren kontserbazio eta zaharberritzean. Beasaingo elizako horma-irudi errenazentisten zaharberritze prozesuan parte hartu du.
Eklipse osoa, Lerindik
Abuztuaren 12an eguzki-eklipsea izango da. Horren harira, Lerinera (Nafarroa) joango dira Lemniskatako kideak astrofisika eta zientzia turismoari buruzko jardunaldietara. Hona hemen Javier Armentia astrofisikariak Ordizientzia zikloaren barruan eklipseen inguruan emandako hitzaldiaren bideoa:













