Hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia aurkeztu du UEMAk
Euskararen indarberritze prozesua bere zabalean «azkarragoa eta eraginkorragoa» bihurtzeko modua emango duela uste du erakundeak; bide horretan, lurgune euskaldunenetarako «lege babesa eta plan integral bat» lortzeko urratsak abiarazi ditu.
UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, gaur, Hernanin.
Hitza Albisteari oihartzuna eta sendotasuna emateko ahalegina argia izan da; UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek aurkeztu dute gaur Lurralde estrategia euskararentzat dokumentua, Hernanin (Gipuzkoa) egin duten ekitaldi batean. EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariak batera azaldu dira, proposamenaren inguruan bat eginda. Talde independentetako hautetsiak ere badira mankomunitatean. Hizkuntza politiketan zuztarreko aldaketa bat abiarazteko asmoz landu dute: nahi dute hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia baterako abiaburua izatea. Atzean duten komunitatearen sendotasuna aintzat hartu behar da: mankomunitateak 120 udalerri batzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgunea ordezkatzen du.
Hernani ere UEMAko kidea da, eta Xabier Lertxundi alkateak egin die harrera agerraldian parte hartu duten ordezkari publikoei. Gaur aurkeztu duten proposamenaren «anbizioa» goraipatu du. Zuzendaritza batzordeko kide dira Ataungo alkate Martin Aramendi, Busturiko zinegotzi Maitane Zearreta, Leitzako alkate Dabid Anaut, Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta, Hernaniko zinegotzi Axier Mingo, Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa, Mallabiko alkate Igor Agirre, Asteasuko zinegotzi independente Larraitz Alkorta, Aulestiko alkate Irati Urberuaga, Lesakako zinegotzi Eneko Fernandez eta Azpeitiko zinegotzi Aitor Larrañaga. Batasun irudia agerian utzi dute agerraldian bat eginda.
Kezka aurretik ere piztua zen, baina iazko udaberrian agertu zen gordin-gordin; UEMAren enkarguz Siadecok egindako proiekzioak argi utzi zuen egungo hizkuntza politikekin ataka zailean daudela eremurik euskaldunenak; lan horretan, halaber, adierazi zuten euskararen arnasguneak desagertzeko zorian daudela. Udazkenean, UEMAk nazioarteko konferentzia bat egin zuen Azpeitian (Gipuzkoa), eremu horien garrantziaz ohartarazteko eta euskararen biziberritze osoari zer-nolako ekarpena egiten dioten gogorarazteko. Hitzetatik ekintzetarako bidea egin nahi dute orain. «Azken hamarkadetan egin den lanari esker, euskarak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu ezagutzan eta esparru formaletan», azaldu du gaurko agerraldian UEMAko lehendakari Martin Aramendik. «Hala ere, datuek eta joera soziolinguistikoek erakusten dute euskara indartsuen dagoen eremuetan ere ahultze zantzu kezkagarriak ageri direla». Hor eragin nahi dute.
Albiste osoa Berria.eus webgunean.













