Igandean hasiko ditu Beasaingo Zikloturismo Taldeak 2026ko irteerak
Garai bateko taldea desagertu ondoren, 2010ean jarri zituen egungo taldeak berriro martxan irteerak. Hasieran 30 lagun izatera iritsi ziren. 56 zikloturista lizentzia daude Beasainen.
Beasaingo zikloturistak irteeretako batean, Untzillan (Aramaio, Araba).Loinaz Txirrindulari Elkartea Martxoan ekingo dio Beasaingo Zikloturismo Taldeak 2026ko irteeren egutegiari. Irailera bitartean asteburuero egingo dituzte irteerak, eta urriaren lehenengo asteburuan emango diote amaiera urteko planari, mokadutxo batekin. Igande honetan, 85 kilometroko irteera batekin hasiko dira, Beasaindik Betelura joanda, handik Zaldibiara, Beasainen bukatzeko.
Loinaz Txirrindulari Elkartearen barruko taldea da. Hilario Urretabizkaia (Beasain, 1957) ordezkariak azaldu duenez, zikloturismo taldea izan zuen elkarteak garai batean, baina gerora desagertu egin zen, eta egungo taldeak 2010ean jarri zituen martxan berriz irteerak. «Aurretik Ordiziakoekin batera ateratzen ginen, beraiek zuten egutegia jarraituz».
Egun, ordea, egutegi propioa dute. Zaletasuna bazegoela ikusita, «bakarka ibili beharrean, irteerak antolatuz gero, jende gehiago animatuko zela» pentsatu zuten. Hasiera hartan jende dezente elkartzen zen, baina egun ez dago espero bezainbeste jende: «Hasieran gogoan daukagu 30 bat lagunen irteerak izan genituela, baina pixkanaka indarra galtzen joan da eta egun esan dezakegu irteerek ez dutela funtzionatzen guk nahi bezala».
“Hasieran gogoan daukagu 30 bat lagunen irteerak izan genituela, baina pixkanaka indarra galtzen joan da eta egun esan dezakegu irteerek ez dutela funtzionatzen guk nahi bezala”.
Hilario Urretabizkaia. Beasaingo Zikloturismo Taldea
Larunbatetik igandera
2010ean martxan jarri zutenean, irteerak igandetan egiten zituzten. Larunbatera pasatzea erabaki zuten gero, jende gutxi animatzen zela-eta, eta aurten berriz ere igandeetan egingo dituzte: «Ea horrela jende gehiago animatzen den. Larunbatetan guraso direnek eskola kirola izaten dute». Zazpi kide daude taldean; antolakuntza taldean hiru pertsona ibiltzen dira, eta laugarren bat sartu berri da laguntzera. Dena den, irteerak irekiak dira zikloturista ororentzat. Urretabizkaiak emandako datuen arabera, 56 zikloturista lizentzia daude Beasainen, «eta denei bidaltzen zaie irteeretako egutegia».
85 kilometroko ibilbidearekin hasiko dute urtea, eta astez aste irteeren proposamena zailtzen joango da. Zikloturista lizentzia duen ororentzat irekia den arren, lizentzia edukitzeaz gain bizikleta gainean kilometroak pilatu dituztenentzat da: «Bizikletan ibiltzen ohitura egon behar duzu irteera hauek jarraitzeko. Martxoaren 1ean hasiko gara eta astero ibilbidea gogortzen joaten da, baita kilometro kopurua ere», zehaztu du Urretabizkaiak.
Igandeko lehenengo irteerako ibilbidea laua izango da, baina hurrengoan, martxoaren 8koan, jada mendate bat igo beharko dute: Atagoiti. Eta hortik aurrera, astero bat edo bi mendate izango dituzte irteerek. Kilometro kopuruari dagokionez, martxoan eta apirilean 100 kilometrotik beherakoak izango dira ibilbideak; maiatzekoak, ordea, 100 eta 110 kilometro artekoak; ekainekoak 90 eta 132 artekoak; eta uztaileko asteburuetakoak 120 eta 141 kilometro arteko irteerak izango dira. Abuztuan etenaldia egin ondoren, irailekoekin amaituko dute 2026. urteko egutegia, eta urriaren lehen asteburuan mokadutxo batekin elkartuko dira agur esateko.
Beharren araberako taldeak
Beasaingo Zikloturismo Taldeak dei berezia egin die Beasaingo zikloturista guztiei igandetako irteeretan parte hartzeko, beharren araberako taldeak sortzeko aukera erraztu baitezake jende gehiago egoteak: «Gutxienez irteera orduan elkartu eta talde desberdinak egiteko aukera izatea, kontuan izanda adina, erritmoa eta abar».

Martxoko irteerak
Irteera ordua eta lekua: 09:00etan, Erauskin plazan.
Martxoak 1
85 km: Beasain-Betelu-Zaldibia-Beasain. Desnibela: 451 m.
Martxoak 8
90 km: Beasain-Amezketa-Atagoiti-Legazpi-Ataun-Beasain. Desnibela: 707 m.
Martxoak 15
90 km: Beasain-Eitzaga-Azpeitia-Bidania-Amezketa-Beasain. Desnibela: 947 m.
Martxoak 22
89 km: Beasain-Otzaurte-Olazti-Altamira-Etxarri-Lizarragako iturria-Beasain. Desnibela: 1.227 m.
Martxoak 29
81 km: Beasain-Lizarrusti-Etxarri-Lizarraga-Arbizu-Beasain. Desnibela: 1.222 m.













