Magia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du Ahoz Ahoren aurreneko ekitaldiak
Larunbatean abiatuko da egitasmoa Ordizian, ‘Gertuko magia’ kale ikuskizunarekin. Bost euskal mago arituko dira Plaza nagusian eta Garagartzan.
Eneko Gutierrez legazpiar magoa, herriko jaietan saio batean. Tere Madinabeitia Larunbatean emango zaio hasiera Ordizian Ahoz Aho jaialdiaren hemeretzigarren edizioari. Azken urteetan egin ohi izan den moduan, ‘Gertuko magia’ kale ikuskizuna izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bost mago gazte Garagartza eta Plaza Nagusian zehar ibiliko dira jolasen zein trukoen bitartez herritarrei ipuin magikoak eskaintzen. Ahoz Aho jaialdia hasi dela ikusaraztea da helburu nagusia. «Modu ezin hobea da horretarako; dinamikoa da, entretenigarria eta jendeak gustura hartzen du, pare-parean tokatzen zaielako», azaldu du May Gorostiaga ekimenaren antolatzaileak.
Ordizian ikusi ahal izango diren magoen artean, euskaldunak dira denak. Euskaldunak eta gazteak. Horien artean daude Eneko Gutierrez legazpiarra, Maria Arandia oreretarra, Asier Saizar tolosarra, Oier Jurado markinarra eta Beñat Zubiarreta tolosarra. «Magia belaunaldi berria datorrela azpimarratu nahi nuke; benetan apartak dira denak», ziurtatu du Gorostiagak.
Gaineratu du izaten dela Ordiziara apropos ikuskizun hau ikustera gerturatzen denik, baina gehienak, ordiziarrak izaten dira. Umeak ere gerturatzen dira, eta horiengana ere egokitzen saiatzen dira magoak. «Belaunaldien arteko harreman polita sortzen da, giro alaian oinarrituta», nabarmendu du. Antolatzaileak «gogotsu» daude ekimenari hasiera emateko.
Lehiaketarako plazak
Gorostiagak gogoratu du oraindik ere badaudela Ordizian urtero egiten den Ipuin Narrazio Lehiaketan parte hartzeko plazak. Martxoaren 7a baino lehen eman beharko da izena, eta martxoaren 13an izango da aurreneko saioa; handik, hiru kontalari sailkatuko dira Ahozkotasunaren Galan martxoaren 27an egingo den finalera.
HURRENGO JARDUNALDIAK
Martxoak 9: Ordizia. Maite Franko, 17:30, Barrena jauregian.
Martxoak 10: Ordizia. Betzaida Urtaza, 10:00, Jakintza Ikastolan.
Martxoak 13: XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketa, 18:30, Barrena jauregian.
Martxoak 15: Ordizia. Andre Roldan, 18:30, Barrena jauregian.
Martxoak 18: Ordizia. Josune Garcia de Bikuña, 10:00, Urdaneta Ikastetxean.
Martxoak 19: Ataun. Radio Rebelde, 19:00, Troskaeta tabernan.
Martxoak 27: Ordizia. Ahozkotasunaren gala nagusia, 18:30, Barrena jauregian.













