Prestakuntza gastronomikoa sustatzeko elkarlana
Lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur D'Elikatuz eta Cebanc-ek. Proiektu bateratuak garatzeko konpromisoan berretsi dira. Ordizian elkartu dira, azoka egunez.
Ezkerretik eskuinera, Arandia, Ezenarro eta Enriquez. Izaro Villarreal Prestakuntza gastronomikoa, tokiko produktua eta turismo gastronomikoa sustatzea helburu hartuta, elkarlan hitzarmena sinatu dute gaur goizean Ordiziako udaletxean Leire Arandia D’Elikatuz zentroko zuzendariak eta Paloma Enriquez Cebanceko zuzendariak. Adur Ezenarro alkatea ere bertan izan da, eta bi erakundeetako ordezkariek proiektu bateratuak garatzeko konpromisoa berretsi dute, ikasleei benetako testuinguruetan eta lanbide-maila altuan trebatzeko aukera emanda.
Ezenarro izan da hitza hartzen aurrena, eta eskertuta agertu da hitzarmen berria asteazken batez, udalerrian aurkeztu dutelako. “Berezia da guretzat Ordiziako azoka, eta berezi egiten du udalerria bera ere. Urte mordo bateko lana daramagu, eta oraindik ere horretan segi behar dugu: azokak berak dakarrena defendatzen. Nortasuna ematen digu ordiziarroi, baina udalerritik harago zabaltzen den egitasmo estrategikoa da, lehen sektorea eta goierritarrak biltzen dituena”.
Lankidetzan urratsa
Gaur sinatu duten hitzarmena orain denbora bat hasitako lankidetzaren hurrengo pausua izan dela ziurtatu du Arandiak: “Interes eta helburu ugari konpartitzen ditugu, bai prestakuntzari dagokionez, bai kultura-gastronomikoaren sustapenari dagokionez, eta baita tokiko zein garaiko produktuen sustapenari dagokionez ere”.
Interes eta helburu amankomun horiek oinarrian izanagatik, bi erakundeek aurretik ere elkarlanean jardun dute hainbat ekimenetan, hala nola Euskal Herriko zein Gipuzkoako Odolki Txapelketetan edota Euskal Herriko Txistorra Txapelketan. Orain, lankidetza hori sakondu eta egonkortzeko urratsa eman dute, eta etorkizunean proiektu berriak garatzeko aukera zabaldu dela azpimarratu dute.
Horretarako, hainbat lan esparru zehaztu dituzte, eta horietan aurrera pausoak ematen joango direla aurreratu dute: lehiaketa eta ekitaldi gastronomikoak; hezkuntza programak eta bisitak; berrikuntza, iraunkortasuna eta tokiko produktuen sustapena ardatz dituzten egitasmoak; publiko orokorrarentzat zein profesionalentzat prestakuntza tailerrak; praktika egonaldiak; edota turismo gastronomikoan esperientzia turistiko berriak sortzea.
Praktikaren eremua
Ziur dira lankidetza “aberasgarria” izango dela bi erakundeetzat, eta bereziki ikasleentzat. Izan ere, ate berriak irekiko zaizkie, eta benetako lan-testuinguruetan trebatzeko zein esperientzia profesionala eskuratzeko aukera izango dute.
Horren guztiaren garrantzia azpimarratu du Enriquezek: “Hitzarmen honen bidez lortuko dugu berriro gure ikasleak benetako mundura, benetako praktikaren eremura hurbiltzea. Horrela, ez dute soilik ikasgeletan ikasten dutena ikasiko; aitzitik, antolatzen dituzuen ekitaldi desberdinetan parte hartuz, benetako esperientzia eskuratzeko aukera izango dute. Horrek erantzukizuna eta profesionaltasuna eskatuko dizkie, eta horrek balio erantsia emango dio haien prestakuntzari”.













