'Bertsolari' aldizkariak 'ABD, bertsolaritzaren alfabetoa' bideopodcasta estreinatu du
Alfabetoaren hizkiak errepasatuko dituzte, eta atal bakoitzean bertsolari bat gonbidatuko dute. Elkarrizketetan sorkuntza prozesuan sakondu nahi dutela iragarri du Beñat Hach Embarek 'Bertsolari' aldizkariko koordinatzaile ormaiztegiarrak. Mikele Arizkorreta legazpiarrak aurkeztuko du bideopodcast-a.
Mikele Arizkorreta 'ABD, bertsolaritzaren alfabetoa' bideopodcastaren aurkezlea.
Bertsolari Bertsolari aldizkariak 35 urte beteko ditu aurten, eta, hori ospatzeko, bere komunitateari begira sorkuntza berri bat plazaratu du: ABD, bertsolaritzaren alfabetoa bideopodcasta.
Atal bakoitzak letra baten izenburua izango du, eta letra horrekin hasten den kontzeptu baten bueltakoa izango da programa. Aurreneko ataleko protagonista Maddalen Arzallus bertsolaria da; ahotsaz mintzatu da Mikele Arizkorreta aurkezle legazpiarrarekin. Aste honetan bertan sareratu dute.
Podcastaren kontzeptuaren ideia Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak izan du; aldizkariko erredakzio batzordeko kidea ere bada Zuazubiskar. Hura izango da programaren gidoilaria.
Arizkorreta erizaina da lanbidez, bertso eskoletan aritua da, eta ibilbide oparoa egin du aktore eta abeslari lanetan: zineman, Hil kanpaiak film luzean eta Bat, Arrano eta Minutu bat film laburrean; telebistan, besteak beste, Go!azen eta Alardea telesailetan; eta antzerkigintzan, Bihar arte soilik lanean. Gaian aditua den norbait gonbidatuko du elkarrizketa egiteko, eta bigarren gonbidatu baten audioa ere sartuko dute programan, lantzen ari den gaiari buruzko ekarpena egiteko.
Albiste osoa Berria.eus webgunean.













