Bi alderdiek sinatutako akordioan jasotzen diren hamar inbertsioak
Inbertsio eta jarduketa sorta zabala adostu dute EH Bilduk eta EAJk. 2026ko aurrekontuan eragina izateaz gain, hurrengo ekinaldietan gauzatzeko proiektuak ere identifikatu dira.
Otsailean hasi dituzte Majoriko Kanpoko igerilekuko hobekuntza-lanak.Ordiziako Udala Ordiziako EH Bilduk eta EAJ-PNVk udalerriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko inbertsio eta jarduketa sorta zabala adostu dute. Hitzarmenak 2026ko aurrekontuan izango du eragina, baina ondorengo urteetan ere eramango dira aurrera, epe ertain-luzera begirako proiektu estrategikoak lotzea baitu xede. Hauek dira bi koalizioek sinatutako akordioan jasotzen diren berrikuntzak zein inbertsioak:
Euskara
Akordioak euskararen ofizialtasunaren defentsa berretsi du eta herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatzea jasotzen du. Halaber, udal langileen lan-hizkuntza euskara izatea sustatuko da, eta hizkuntza ikasteko doakotasuna bermatuko zaie diru-sarrera txikiak dituztenei.
HAPO berria
Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspena izango da legegintzaldi honetako ardatz nagusietako bat. Plana lizitazio publikora aterako da eta 2026tik 2029ra bitartean garatzea aurreikusten da. Guztira 460.000 euro bideratuko dira: 120.000 euro 2026, 2027 eta 2028an; eta beste 100.000 euro 2029an.
Plan berri horrek irisgarritasuna, Altamirako igogailuen eragina, San Bartolome ingururako alternatibak, landa-bideen inbentarioa, mugikortasun eta klima planak, zarata mapa, etxebizitza plana eta Mariarats arroa berroneratzeko azterlana bezalako gaiak kontuan hartu beharko ditu.
Kirol azpiegituren eraberritzea
Majori-Altamira-Beti Alai guneko instalazioen kudeaketa eta berritzea beste ardatz nagusi bat izango da. Helburua da udal titulartasuneko kirol ekipamendu guztiak kudeatuko dituen egitura eraginkorra eratzea.
Majori kiroldegian, kanpoko igerilekua 2027rako berrituta egotea aurreikusten da, 2026an milioi bat euroko inbertsioa eginda, eta barneko igerilekuaren eraberritzea, berriz, faseka egingo litzateke: aldagela berriak eraiki eta igerileku txikia zein sauna birkokatzea aurrena (1 milioi euro); igerileku berria eraikitzea ondoren (1,8-2 milioi euro); eta bigarren igerileku bat eraikitzeko aukera azkenik (2,4-3 milioi euroko inbertsioa eginda).
Beti Alai frontoian, berriz, gaur egungo estalkia eraberritu eta amiantoa kentzeko 350.000 euroko jarduketa aurreikusi da.
Auzoetako esku hartzeak
Altamiran, Tximista eta Altamira auzoa lotuko dituen igogailuaren proiektua 2026an idatziko da (150.000 euro), ondoren obra lizitatzeko konpromisoarekin (bideragarritasun azterlanen arabera, exekuzioa 1,7-2 milioi euro izango litzateke).
Buztuntzan, berriz, Oria ibaiaren pasealekua berritzeko 320.000 euro bideratuko dira, eta Otatza plaza egokitzeko 110.000 euro -bizilagunekin negoziatzeke dago oraindik-. Urdaneta eskolaren bigarren faseak 700.000 euro izango ditu 2026an, eta hirugarrena 2027an gauzatuko da. Urdaneta kaleko urbanizazioaren bigarren fasea ere egingo da, azpiegiturak berritzeko, 770.000 euroko aurrekontuarekin eta Gipuzkoako Urakekin lankidetzan.
Kulturlab eta Herri Antzokia
Kultura arloari dagokionez, Herri Antzokian irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira: Ampuero eta Etxezarreta kalea lotuko dituen igogailua eraiki + arrapala + sarrera berria + barne eskilara + komunen egokitzapena, 765.000 eurorekin.
Era berean, eraikina osorik birgaitzeko proiektua idatziko da 2026an, eta babes instituzionala eta diru-laguntzak lortzeko bidea landuko da. Falta den lokala erostea ere aurreikusten da.
Barrena jauregian, liburutegia lehen solairura lekualdatu eta beheko solairua bestelako kultur erabileretara egokitzeko azterlana egingo da (120.000 euro).
Landa-bideen mantentze-lanak
Udalerriko landa-bideen mantentzerako eta hobekuntza-lanak indartzeko urteko gutxieneko 100.000 euroko konpromisoa hartu dute datozen bost urteetarako. 2026an, bide publiko nagusietan kokatzen diren kunetak eta urak biltzeko guneak garbitzeko 25.000 euro erabiliko dira. Bestelako zenbait konponketa zehatz egiteko ere beste 100.000 euro erabiliko dira: tartean Egutera eta Iturtxo inguruko hobekuntzak.
Kudeaketa, bizikidetza eta zerbitzuak
2026ko aurrekontuak 36.300 euro jasotzen ditu auditoriak egiteko. Hasierako diru partidaren doblea da amaierarako, udalaren auditoriaz gain, Majorikoa ere egin ahal izateko. Bizikidetza ordenantza osatzeko parte-hartze prozesua ere abiatuko da, horretarako 18.150 euroko diru partida bideratuta.
Horrez gain, kale garbiketa zerbitzua indartzeko eta argiteria publikoaren gorabeherei erantzun azkarragoa emateko prozedurak adostuko dira 2026an zehar, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
Azkenik, Oianguren institutuaren estalki berrirako Plan Bereziaren tramitazioa arintzeko konpromisoa hartu dute, baita lursailaren egoera administratiboa eguneratzekoa ere.













