Nahi ez den bakardadeari eta buru osasunari buruzko lanketa abiatu dute ikastetxeetan
Alkartasuna Lizeoan egin dituzte jada saioak, eta hurrengoak izango dira Murumendi eskola, Andramendi ikastola eta La Salle, hurrenez hurren.
Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko prozesuko bileretako bat.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak nahi ez den bakardadeari eta buru osasunari buruzko lanketa abiatu zuen iaz. Hiru fase ditu: sentsibilizazioa, ikerketa eta diagnosia, eta ondorioak. Sentsibilizazio eta ikerketa faseetan oinarrituta, lanketa ikastetxeetara eraman dute sustatzaileek.
Hitzak izena du ikastetxeetan abiatu duten prozesuak. 28 saio aurreikusi dira Beasaingo lau ikastetxetan. Alkartasunan jada egin dituzte saioak, eta hurrengoak izango dira Murumendi eskola, Andramendi ikastola eta La Salle, hurrenez hurren; Alkartasunan otsailaren 17tik 20ra egin zituzten, Murumendin martxoaren 2an eta 3an egingo dituzte, Andramendin martxoaren 4an eta 6an, eta La Sallen martxoaren 13tik 18ra bitartean.
Aurrez, inkesta
Herri mailara ere eraman dute ekimena. Herritarren errealitatea ezagutzeko zabaldutako inkesta 18 eta 87 urte bitarteko 429 pertsonak erantzun dute. Sei hizkuntzatan zabaldu da (euskara, gaztelania, arabiera, errumaniera, ingelesa eta frantsesa), eta guztietan jaso dira erantzunak udalak jakitera eman duenez. Udalaren esanetan, kolektibo zaurgarrien ordezkaritza altua lortu da.
Jasotako datu guztiak EHUko Psikologia saileko Ainara Arnosok eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoko Maribel Pizarrok osatutako aditu taldearen esku jarri dituzte. “Hauek datuak aztertu eta interpretatu ondoren, txostena aurkeztuko dute”.
Proiektuaren azken fasean, emaitzak herritarrei aurkeztuko zaizkie: “Eta, elkarlanean, hautemandako bakardade egoerei aurre egiteko ekintza-plana diseinatuko da. Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten norbanako eta eragile guztiei”.













