Ordiziako EH Bilduk eta EAJk akordio estrategikoa sinatu dute
2026ko udal aurrekontuak ahalbidetzeaz gain, agintaldiaz harago doazen aldebiko konpromisoak itxi dituzte.
Ordiziako EH Bilduk eta EAJ-PNVk akordio estrategikoa sinatu dute 2026ko udal aurrekontuak onartzeko, eta aldi berean, udalerriaren etorkizuneko norabidea zehazten duen adostasun-esparrua finkatu dute. Azaldu dutenez, akordioa ez da soilik urte batera mugatzen; “epe ertain eta luzera begirako proiektuak” ere jasotzen ditu, eta datozen ekitaldietan ere horiei jarraipena emateko konpromisoan berretsi dira.
Negoziazioak luze jo du; joan den azaroan hasi zituzten aurreneko elkarrizketak, eta hamaika bilera egin dituzte ordutik, interes estrategiko partekatuak aztertzeko. Hasieratik “adostasunerako borondatea” egon dela azaldu dute, Ordiziaren “interes orokorra lehenetsita”. Prozesu horren guztiaren emaitza da sinatu berri duten akordioa.
5 milioi eurotik gora
Akordioak jasotzen dituen ekimenen zenbatekoa 5.059.150 eurokoa dela zehaztu dute, 2026ko aurrekontuei dagokienez. Horietatik 4.350.000 euro inbertsioetara bideratuko dira mailegu bidezko finantzaketaren bidez. Bi koalizioek azaldu dutenez, zenbateko horrek aukera emango du “lehentasunezkotzat jotako hainbat jarduketa abian jartzeko”.
Akordioan jasotako edukien artean daude, besteak beste, euskararen inguruko konpromisoak, HAPOaren berrikuspenari lotutako plangintza, kirol azpiegituretan eta auzoetan egingo diren esku-hartzeak, Kulturlab/Herri Antzokiari lotutako jarduketak, landa-bide publikoen mantentzea eta hainbat zerbitzu eta prozeduren hobekuntzak.
Edonola ere, akordioaren “izaera estrategikoa” nabarmendu dute, eta hurrengo ekitaldietan jarraipena izango duten inbertsioak ere itxi dituzte. Horien artean daude Tximista eta Altamira lotuko dituen igogailua, Majori-Altamira kiroldegiaren eraberritzea, Herri Antzokiaren eraberritzea, landa-bideen konponketa edota Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra.
Bi alderdiek akordioa “ardura politikoz” hartu dute, Ordiziak dituen erronka estrategikoei “modu eraginkorrean” heltzeko eta herritarren “bizi-kalitatea hobetzeko” asmoz.













