Ostiralean hasiko da 24. Martxoan Bertsoa txapelketa, bederatzi talderekin
Martxoan Bertsoa ekimenaren 24. edizioa bihar (ostirala) hasiko da, txapelketako lehen kanporaketarekin. Hurrengo bi kanporaketak martxoaren 6an eta 13an izango dira. Finala, berriz, martxoaren 28an jokatuko da Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Horretaz gain, gaztetxoen txapelketa eta Urrunetik gatoz emanaldia antolatu dituzte.
Aurtengo taldekako txapelketan bederatzi taldek parte hartuko dute. Horien artean, herriko bertsolariez gain, Antzuolako eta Legazpiko kideak egongo dira. Bihar, Zumarragako Huts tabernan, Setak (Jon Mendizabal, Amaia Iturriotz eta Martin Sagastibeltza), Santes&Co (Jon Mata, Iker Letamendia eta Gorka Santesteban) eta Xelebrek (Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta) arituko dira kantari.
Martxoaren 6an, Urretxuko Soraluze tabernan, Zirtoaroa (Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru eta Beñat Torres), Eurre (Mattin Aranburu, Mikel Salaberria eta Aitor Maleta) eta Txapia ta Tertulia (Ibai Zabalo Faran, Arritxu eta Aritz Kortabarria) taldeek abestuko dute.
Azkenik, martxoaren 13an, Urretxuko Eire tabernan, Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Tupis Tupau (Manex Mantxola, Jorge Andueza Pitu eta Jon Aztiria) eta Uxurbil (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirre). Kanporaketak 22:30ean izango dira eta finala 19:30ean.
Bertso eskolako kideak pozik dira ekimen honen antolaketan hainbat jendek hartzen duelako parte. «Asteroko lanetan, jende ugari gabiltza: ekipoa muntatu, gaiak sortu, epaile lanak, gai jartzaile lanak, sare sozialak… Era berean, Martxoan Bertsoako abestia egiten aritu gara, eta prozesu horretan Roser Espeltek asko lagundu digu, berak egin baititu grabaketak eta nahasketak. Bestalde, iaz bezala, aurtengo edizioko kartel ederra Maddi Mantxolak egin du. Norbanakoez gain, UZGA gazte asanbladak, Kultur Zastek eta ATA harategiak ere lagundu gaituzte aurtengo ediziorako prestaketa lanetan. Alde horretatik behintzat, Martxoan Bertsoaren osasuna ona da», azaldu dute.
Martxoan Bertsoaren harira, urtarrilean eta otsailean bertso eskola irekiak egin dituzte ostiralero. «Badakigu kanturako urratsa ematea ez dela erraza, ariketak errazak izan arren, jende aurrean kantuan aritzeko konfiantza baita aurrebaldintza. Horregatik, bertso eskola irekiak egiten aritu gara azken hilabeteetan, horrek jende berria ekartzea errazten duela uste baitugu. Badirudi bere emaitzak eman dituela, aurten herriko bi bertsolari berri taularatuko baitira», azaldu dute.
Ospe gehien duen ekitaldia taldekako txapelketa da, baina Martxoan Bertsoa hortik harago doan ziklo bat da. Aurten, beste bi ekitaldi antolatu dituzte. «Martxoaren 6an, Gelatik Plazara ekimenaren barruan, Goierriko hainbat herritako bertsolari gaztetxoenen kanturako txanda izango da. Taldekako txapelketatxo bat egingo dute bertan bertso eskolako txikienek, eta beste herrietako kantukideak ezagutzeko aukera izango dute».
Martxoaren 14an, berriz, Ekidaren Urrunetik Gatoz emanaldia izango da. «Kantagintza eta arte antifaxista oinarri hartuta, atzoko eta gaurko borrokak eta atzoko eta gaurko kantak ekarriko ditu, faxismoaren aurka egiteko, atzo bezala gaur. Kantak, bertsoak, literatura eta gehiago bilduko ditu emanaldiak. Dohainik izango da, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu nahi ditugu, ederra izango baita», amaitu dute.
Goierriko Gelatik Plazara martxoaren 6an izango da, 17:30ean Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Kantagintza, bertsoa eta literatura bilduko dituen Urrunetik Gatoz emanaldia, berriz, martxoaren 14an izango da: 18:30ean Labeaga aretoan.
Abesti umoretsua sortu dute Martxoan Bertsoa girotzeko
2026ko Martxoan Bertsoa ekimeneko berrikuntza nagusia Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolakoek sortutako abestia da. 24. edizio hau animatzeko sortu dute eta ez zaio erritmorik eta umorerik falta. Oskorri taldearen Euskaldun berriaren balada abestia oinarri hartuta, bi herriei buruzko kantua ondu dute. «Zerbait berria egin nahi genuen, eta buruari bueltaka genbiltzala, ereserki moduko bat egitea otu zitzaigun. Uste dugu polita eta umoretsua gelditu dela, eta aurtengo txapelketako saioen aurretik jartzeko sintonia paregabea izango dela», adierazi dute bertso eskolako kideek.
Kantuaren letra eurek egindako hiru bertsok osatzen dute, denak ere urretxuarrentzat eta zumarragarrentzat gertukoak diren erreferentziekin eta umore kolpeekin: bi herrien edertasun falta, Urretxu eta Zumarraga erasotzeko erabiltzen diren topikoak, bi herrietako alkateak… «Hainbat urtez gure herrien inguruko komentario zatar samarrak entzun izan ditugu: itsusiak direla, erdaldunak direla… Gure ustez itsusi hitzaren atzean industrializatu hitza dago, eta erdaldun hitzaren atzean lanarekin lotutako bilakaera soziala. Guk badakigu langile herriak direla gureak, eta akaso ez direla postaletako herriak izango, baina komeni da presente izatea Euskal Herriaren gehiengo zabala gurearen antzeko ezaugarriak dituzten inguruetan bizi dela», azaldu dute.
Bertso eskolako kideek Urretxu eta Zumarragaz harro egoteko arrazoiak badirela uste dute. «Harrotasun batetik kantatu nahi izan diegu gure bi herriei, uste baitugu baditugula horretarako motiboak. Urruti gabe, Martxoan Bertsoaren 24. edizioa da aurtengoa, eta eusten badio arrakasta duelako da. Hori ere balioan jarri behar dela uste dugu».













