«Proiektua herritarrentzat zauriak sendatzeko modu bat izan daitekeela uste dut»
Igartubeiti baserri museoak deitutako egoitza artistikoa matxoan zehar gauzatuko da Ezkion. AHTak paisaian eragindako aldaketak erretratatzea du helburu.
Asier Gogortza Igartubeitiko atarian, asteartean. Josune Zarandona Argia harrapatzeko tramankuluak proiektuarekin gauzatuko du egoitza artistikoa Ezkion Asier Gogortzak (Bera, Nafarroa, 1976). Ganbaretan ahaztuta dauden tresna zaharrak berrerabiliz, argazki makina primitiboak sortu eta haiekin, Ezkioko paisaian azken urteetan gertatu den aldaketa erretratatzea du helburu.
Kazetaria zara ikasketaz, baina argazkilaria lanbidez. Nolatan?
Ttipi ttapa herri aldizkarian hasi nintzen lanean. Denetarik egiten nuen, elkarrizketak, diseinua eta baita argazkiak ere. Digitalaren aurreko garaia zen eta laborategitxo bat ere bagenuen argazkiak errebelatzeko. Ordura arte ezagutu gabeko gauza bat probatzeko aukera izan nuen eta horrek piztu zidan argazkilaritzarekiko harra. Konturatu nintzen jendeari elkarrizketak egiten ez nintzela sobera eroso sentitzen eta aldatzea erabaki nuen.
Bartzelonan bizitzen egon zinen bolada batean.
Lauzpabost urtez egon nintzen, argazkilari bezala lanean. Arkitektura argazkiak egiten nituen eta aldi berean, bertako argazkilari lagun batekin hasi nintzen argazkilaritza estenopeikoan sakontzen. Erakusketak egiten hasi ginen eta zenbait arte proiektu ere jarri genituen martxan.
Teknika estenopeikoa, argazkilaritza primitiboa dela esan daiteke?
Garai hura justu, digitala hasi zeneko momentua da, eta justu nire kasuan, atzera bidaia bat hasi nuen argazkilaritzaren hasierako teknika erabat primitiboak erabiliz argazki estenopeikoekin. Ordutik digitala ere erabili dut, baina teknika ideien zerbitzura jartzen ikasi dut, eta ez alderantziz.
«2018an ‘Mendebalde’ izeneko erakusketa bat egin nuen Igartubeitin baserrien arkitekturari buruz eta ordutik mantendu dut harremana»
Nola laburbilduko zenuke zure ibilbide profesionala argazkilari bezala?
Ez da erraza esaten. Paisaia, arkitektura eta muga bezalako kontzeptuak behin eta berriz errepikatzen dira nire argazkietan. Pertsonarik ez, normalean ez ditut erretratuak egiten. Irudietan agertzen dira pertsonek paisaian utzitako arrastoak.
Hori izango da hain zuzen, Ezkion egingo duzun egoitza artistikoaren ardatza.
2018an Mendebalde izeneko erakusketa bat egin nuen Igartubeitin baserrien arkitekturari buruz eta ordutik mantendu dut harremana. Lehenagotik ezagutzen nuen museoa bera eta Ezkion ere egona nintzen. AHTari buruzko lan bat egiteko asmoa aspalditik nuen buruan, justu aipatu ditudan elementu horiek guztiak biltzen dituelako: gizakiaren arrasto nabarmena landa eremuko paisaian. Deialdiaren berri izan nuenean, denak bat egin zuen eta segituan etorri zitzaidan tresna zaharrak erabiliz kamera bereziak sortu eta paisaia hori erretratatzeko ideia.
Argazkilaritza estenopeikoa izango du oinarrian proiektuak.
Argazkilaritzaren hasierako teknika bat da. Argazki kamera bat hornitzen duten elementu guztiak kendu eta beharrezkoa soilik utziz funtzionatzen du: argia sartzeko zulo bat eta kutxa ilun bat. Printzipio fisiko baten bidez irudi bat sortzen da kutxa horren barruan eta gero irudi hori harrapatu egin behar da paper fotosentikorra erabiliz, adibidez; hortik argia harrapatzeko tramankuluena. Argazkilaritza erabat errudimentarioa da.
«Herritarrekin bi saio egingo ditut —bat helduekin eta beste bat eskolako haurrekin— argazkilaritza estenopeikoari buruz»
Lehenengo urratsa argazki kamera primitibo horiek sortzea izango da?
Beren beregi sortuko ditugu proiektu honetarako argazki kamera batzuk. Herritarrekin bi saio egingo ditut —bat helduekin eta beste bat eskolako haurrekin— argazkilaritza estenopeikoari buruz. Ganbaretan aurkitzen ditugun gauzekin sortuko ditugu, hor izango dugu arakatze eta ikertze lan bat ere etxejabeei galdetuz zertarako erabiltzen ziren. Prozesu honetan Ezkioko herritarrak inplikatzea nahiko nuke.
Azken emaitza zer izango da?
Erabat irekia dago. Nik nire buruan hainbat gauza bisualizatzen ditut, baina uste dut interesgarriagoa dela prozesu honetan pausoak eman ahala orduan erabakiak hartzea, orduan ikusiko dugu prozesuak zer emaitza eskatzen duen. Lan egiteko modu hori interesgarriago egiten zait emaitza finko batekin joatea baino.
Zer espero duzu egoitza artistiko honetaz?
Landa eremu batean halako inpaktua duen AHTa bezalako proiektu bati argazkiak egitea, bertako herritarrentzat zauriak sendatzeko, hausnartzeko edo haiei hitza emateko modu bat izan daitekeela uste dut. Beraien etxe parean gertatu den paisaia aldaketa bortitz horren aitzinean, beraiei hitza eman eta adierazteko modu bat eskaintzea, argazkiaren bidez. Irudien bitartez, zein behar dituzten ikusiko dugu edo zer duten esateko. Irudi horiek nolabait gordeta geratuko dira, eta garai honen testigantza bat izango dira.













