Toberako ikasleak Euskal Herriko piano jaialdian arituko dira asteburuan
Zegama, Segura eta Zeraingo sei ikaslek hartuko dute parte Azpeitin larunbatean egingo den saioan.
Toberako ikasleak iaz, Villabonako Gurea zineman egin zen Euskal Herriko eskualdekako 2. jaialdian.Tobera Tobera musika eskolako piano ikasleak asteburu honetan egingo den Euskal Herriko piano jaialdian parte hartuko dute, beste behin. Jaialdian bakarka edo lau eta sei eskutarako modalitateetan parte hartu dezakete piano jotzaileek. Toberakoak sei ikasle izango dira guztira: Alexia Georgina Zota, Izaro Madariaga eta Naiara Iraola zegamarrak eta June Vignolo segurarra bakarka arituko dira eta Inge Ormazabal eta Maialen Ojanguren zeraindarrak lau eskutara.
Jaialdia Euskal Herriko Musika eta Dantza eskolen elkarteak antolatu du —Tobera bertako bazkide da— eta bi egunetan zehar gauzatuko da aurten, bere hirugarren edizioan. Otsailaren 27an, bihar, Gasteizen eta Bilbon izango dira saioak eta otsailaren 28an, larunbata, Azpeitian, Durangon, Soraluzen, Zarautzen, Zestoan eta Lezon. Toberakoak Azpeitian izango dira, Soreasu antzokian, 10:30etik aurrera.
Euskal Herriko piano jaialdi hau aurretik, Andoainen egiten zen antzeko jaialdi baten ondorengoa da. Andoaingo piano jaialdiak 17 edizio bete zituen, 2022an azkena egin zen arte. Toberako ikasleak Andoianen egindako edizio guztietan hartu izan dute parte. 2023An etena izan zen eta ondoren, formatua aldatuta ekin zioten Euskal Herriko jaialdia antolatzeari, eskualdeka banatuta.
Beste hitzordu batzuk
Martxoa ekitaldiz beteta dator, gainontzean, eskolako ikasleentzat. Martxoaren 17an, organo, piano eta zeharkako txirula ikasleek emanaldia eskainiko dute Zegamako elizan, 17:30ean, Toberak antolatutako entzunaldi zikloaren barruan. Martxoaren 25ean, berriz, txistu eta danbolin eta piano ikasleen emanaldia izango da Segurako plazan, 18:00etan.
Bi emanaldietan, asteburu honetan Euskal Herriko piano jaialdian joko dituzten piezak eskainiko dituzte piano ikasleek, herritarrei egindako lana erakusteko. Laster hasiko den Dantzari Txikien saioetan ere parte hartuko dute Toberako musikariek, Zegamako adibidez, apirilaren 19an izango da eta aurretik, Korrikaren 24. edizioan ere parte hartuko dute.













