Zaldibiari erreleboa hartu eta Ordizian mobilizatuko da Goierriko Koordinadora Feminista
Zapalkuntza sistemen aurrean, feminismotik “beste mundu bat” eraikitzea posible dela aldarrikatzeko aterako dira kalera. 12:30ean abiatuko da mobilizazioa, plaza nagusitik. Egitarauak antolatu dituzte Goierriko herrietan.
Goierriko Koordinadora Feministako kideak, atzo arratsaldeko agerraldian. Izaro Villarreal Goierriko Koordinadora Feministak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Ordiziako Jabekuntza Eskolan, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia iragartzeko. Iaz Zaldibian egin zuten mobilizazioari lekukoa hartu eta Ordizian bertan egingo dute eskualdeko aurtengo mobilizazioa. Plaza nagusia izango dute topaleku, eta bertan hasi eta bukatuko dute mobilizazioa; 12:30ean abiatuko dira eta ekitaldi batekin emango diote amaiera.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin duen deialdiarekin bat egin dute, eta zapalkuntza sistemen aurrean, feminismotik “beste mundu bat” eraiki nahi dutela aldarrikatzeko baliatuko dute igandeko borroka eguna. “Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakadari aurre egitera aterako gara. Eraiki nahi dugun mundu berria feminista izateaz gain, antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista izatea nahi dugu”, azaldu dute. Antolakuntza eta borrokaren beharra ere azpimarratu dute.
Baina igandean ez ezik, aurreko egunetan ere kalera aterako direla ziurtatu dute, testuinguru beraren baitan, hamaika ekintza antolatu baitituzte Goierriko herrietan. Beasainen, esaterako, martxoaren 8an sartu bezain pronto aterako dira kalera, Goierriko Gazte Feministek deitu duten mobilizazioaren harira. Gaueko manifestazioa egingo dute 00:00etan, Erauskin plazatik abiatuta.
Ekitaldiak herriz herri
Beasainen ere, mobilizazio nagusia baino lehen, juntadizoa egingo dute 11:30ean Ordiziara joateko, eta itzuleran, bazkari feminista egingo dute plaza azpian. Ataunen, berriz, goizean goizetik atonduko dute herria aldarri morez: 10:30ean gosari morea egingo dute, 11:00etan kartelak egingo dituzte eta 11:30etan hasiko duten dantza saioaren ondoren abiatuko dira Ordiziara. Itzuleran ere, bazkari morea izango dute. Baita Lazkaon ere.
Zaldibia ere ez da gutxiagorako izango, eta urtero egin ohi duten egitaraua izango dute aurtengoan ere martxoaren 8aren bezperarako: 10:30ean beroketa egin ondoren abiatuko da ohiko ttipi-ttapa ekimena, eta hori amaitutakoan ekitaldia egingo dute plazan. Ondoren, bazkaria izango dute Gaztelu elkartean eta arratsaldeko poteo girotuarekin emango diote egunari amaiera.
Legorretan, azkenik, larunbatean egingo duten Legorregae jaialdiaren testuingurua aprobetxatuta, ekintzaren bat edo beste egingo dutela aurreratu dute, martxoaren 8an sartu bezain pronto, gaueko 00:00etan hasita.

Maixa Nazabalek, Kizkitza Ormaetxeak eta Amaia Iztuetak hartu zuten hitza.Izaro Villarreal













