Motor hotsez bete da Gabiria eta Legazpi arteko errepidea
Abiatu da 28. Gabiria-Legazpi Rallysprinta, euskal automobilismo denboraldiko aurreneko proba. Ikusleak han-hemen dabiltza, errepide bazterreko altuerak aprobetxatuta.
Kotxeak ikusgai izan dira goizeko aurreneko ordutik, Legazpiko plazan. Izaro Villarreal Dagoeneko hasi da euskal automobilismo denboraldia. Abiadurak hartu du Gabiria eta Legazpi arteko errepidea, eta motor hotsak dira nagusi. Bosteko eskuderiak antolatuta, abiatu da 28. Gabiria-Legazpi Rallysprinta, euskal automobilismo denboraldiko aurreneko proba. Ohi bezala, ikusmin handia sortu du gaur ere bi udalerrietan erroturik dagoen ekimenak, eta goizean goizetik, ikusleak han-hemen dabiltza, bazterreko altuerak aprobetxatuta, luxuzko ikuskizunaz gozatzen. Legazpi eta Gabiriako zaleez gain, izan da inguruko herrietatik ere gerturatu denik.
Aurreneko ordutik pilotu-kopilotu eta zaletuen arteko elkargune izan da Legazpiko plaza; jendetza elkartu da bertan, eta azken egiaztapen administratiboak zein teknikoak egin dituzte 146 partaideek.
12:00etan abiatu da Gabiriatik aurreneko kotxea, eta bi txanda egin dituzte norabide bakoitzean: goizean Gabiria-Legazpi noranzkoan egin dituzte bi erlojupeko, eta arratsaldean beste bi egingo dituzte, baina kontrako noranzkoan. 146 partaideetatik 22 goierritarrak dira aurtengoan, eta emakumeen presentzia ere gero eta handiagoa izaten ari da.
Legazpiko plazan amaituko dute proba, eta bertan egingo dute sari banaketa, 20:00ak aldera.













