Eskari zorroa %10 handitu du CAFek 2024ko abendutik
Salmentak %7 handitu ditu 2025ean 2024koarekin alderatuta. Egun, 16.235 milioi eurokoa da eskari zorroa.
CAF garai onean da salmentei eta eskari zorroari dagokienez. 2025eko emaitzen datuak argitaratu ditu taldeak, eta azaldu du “2025erako ezarritako helburuak magnitude guztietan lortu” dituela. Eskari zorroa %10 handitu du 2024ko abenduaren 31ko datuekin alderatuta. 16.235 milioi euroko eskari zorroa du CAFek egun.
Eskari zorroak maximo historiko berri bat ezarri du: 2021ean 9.640 milioi eurokoa izan zen, 2022an 13.250 milioi eurokoa, 2023an 14.200 milioi eurokoa, 2024an 14.695 milioi eurokoa, eta 2025eko 16.235 milioi euroko eskariarekin, bost urtetan %68 handitu du eskaera zorro hori CAFek.
Zorro horretan, zerbitzuen eta autobus negozioak indarra hartu du: autobusen negozioaren eskaria %63 handitu du 2024tik, eta zerbitzuena %28; tren-ibilgailuena, berriz, %1 jaitsi da, eta soluzio integral eta sistemenak %16 egin du behera. Halere, zorroaren banaketan tren ibilgailuek dute pisu handiena oraindik, %50arekin, zerbitzuenak gero, %27arekin, autobusenak ondoren %14arekin, eta soluzio integral eta sistemenak %9 hartzen du.
Eskarien %57 Europako herrialdetarako da, %17 Espainiar estaturako, %15 Ameriketarako, %8 munduko beste toki batzuetarako, eta %3 Asia-Ozeaniko herrialdeetarako.
Salmentak 4.487 milioi eurokoak izan dira 2025ean, 2024. urtean baino %7 gehiago (4.212 milioi eurokoak izan ziren 2024an). Irabaziei dagokienez, 146 milioi irabazi zituen iaz, 2024an baino %42 gehiago.













