Gizon bat atxilotu dute Beasainen ile-apaindegi batean lapurtzea egotzita
Ostiralean atxilotu du Ertzaintzak, iazko urrian gertatutako lapurreta egotzita.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, gizon bat atxilotu du Beasainen ile-apaindegi batean indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita. Iazko urriaren amaieran gertatu zen lapurreta. “Joan den urteko urriaren amaieran, Ertzaintzak jakin zuen Beasaingo ile-apaindegi batean lapurreta bat gertatu zela. Goizaldean, ezezagun bat erakusleihoko beiratea hautsita sartu ahal izan zen, eta barruan zeuden hainbat lan-tresna lapurtzea lortu zuen”, azaldu du Ertzaintzak.
22 urteko gazte bat identifikatu zuen, “polizia-aurrekari ugari” dituena, “batez ere jabetzaren aurkako hainbat delitutan parte hartzeagatik, lapurretaren ustezko egile gisa”. Joan den ostiralean atxilotu zuten Beasainen, indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita. “Jarraian, atxilotua, 22 urtekoa eta nazionalitate espainiarrekoa, ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko eta, ondoren, epailearen aurrean aurkezteko”. Larunbat goizean epaitegira eraman dute, eta espetxeratzeko agindua eman du epaileak.













