Sara Aranburu garaile, Bihotzaren Hitzak lehiaketako euskarazko sailean
'Tik tak, Tiktok' lanarekin eskuratu du aurreneko akzesit saria. Epaimahaiaren aitortza berezia ere jaso du, zuzentasun gramatikalagatik eta indar poetikoagatik.
Sara Aranburu, sariarekin. Iñigo Legorburu Eman dituzte jakitera Barakaldoko Gurutzetako zentro zibikoan XXXI. Barakaldoko maitasun gutunetako irabazleak, eta sarituen artean da ordiziar bat. San Balentin egunarekin batera ospatzen den lehiaketa da. Euskarazko atalean, 34 lan aurkeztu dira aurtengoan.
Euskara sailean, aurreneko akzesit saria Sara Aranburu Lasak eskuratu du. “Tik-tak, Tik tok” izeneko gutunarekin irabazi du. TikTok sare sozialari zuzentzen zaio, droga-amodio mendekotasun baten modura. Denboraren joan-etorria erlojuaren taupadekin irudikatuz, aitortzen du nola aplikazioak bere denbora, gorputza eta burua kontsumitzen dituen. Plazerraren eta antsietatearen arteko mugan, kontrola berreskuratzeko borroka pertsonala azaltzen du, mendekotasun digitalaren erretratu gordin eta zintzoa eskainiz.
Epaimahaiaren aitortza berezia ere jaso du, zuzentasun gramatikalagatik eta indar poetikoagatik.













