«Tisana guztiak belar urak dira, baina halakoak egiteko modu asko daude»
Sendabelarren arloan aritua eta aditua da Ainitze Sala: fitoterapeuta. Tisanak egiten ikasteko tailerra eman du Alkizako udaletxeko ganbaran: «Naturatik katilura, eta katilutik ongizatera».
Ainitze Sala fitoterapeuta. Maialen Andres / FOKU Ez du tisanarik eskatu Ainitze Salak (Lazkao, Gipuzkoa, 1981). «Oso kafezalea naiz», esan du. Kazetariak hartu du azkenean argazkirako zerbitzariak ateratakoa: rooibosarekin egindako pitxerkada bat. «Jakin izan banu, ekarriko nituen sendabelar batzuk», esan du adituak.
Beraz, badago beste mundu bat rooibos eta basafruitu tisanez harago?
Bai, noski, eta, gainera, gure mundua da. Zeren rooibos eta basafruitu tisana horiek kanpoko izaera dute, eta gurean baditugu sendabelar pila bat ikusi ere egiten ez ditugunak, baina hor daudenak.
Eta zein da zuk proposatzen duzun mundu hori?
Niretzat funtsezkoa da berriro naturara gerturatzea. Ikusten ez duguna ez da existitzen. Askorentzat, belarrak dira denak. Baina bakoitzak bere izena dauka, bere izaera, eta zerbaitetarako balio dute.
Zer irakatsi duzu Alkizako tailer horretan?
Tisanak egiten. «Naturatik katilura, eta katilutik ongizatera», gustuko dut esaldia. Eta horixe da helburua: naturan dugun hori ikusten ikastea.
Zeren tisana guztiak ez dira berdinak…
Ez, noski. Tisana guztiak belar urak dira, baina halakoak egiteko modu asko daude.
Eta bakoitzak funtzio ezberdina dauka?
Bai. Hor dago fitoterapiaren oinarria: sendabelarrei buruzko jakintza. Tradizioz jasotakoa izan liteke, edo lan zientifikoen ondorioa.
Spinning saio baten ostean, zein tisana da gomendagarria?
Hartzen ari zaren hori, rooibosarena, oso egokia da. Baina muskulatura indartu nahi baduzu, erromero tisana bat ere ederki legoke.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













