Toberako ikasleen piano doinuak Azpeitiko Soreasun
Larunbat goizean egin zituzten piano entzunaldiak Euskal Herriko 3. piano jaialdiaren baitan. Zegama, Zerain eta Segurako sei ikaslek hartu zuten parte guztira.
Aizkorpe, Zumarraga eta Azpeitiko musika eskoletako piano ikasleak Azpeitiko Soreasu antzokian, larunbatean. Tobera Euskal Herriko musika eskolen elkarteak antolatuta, piano jaialdia egin dute asteburuan, hirugarren urtez. Gipuzkoako — Azpeitia, Arrasate, Soraluze, Lezo, Zarautz eta Zestoa— eta Bizkaiko —Bilbo eta Durango— zazpi udalerritan egin dituzte emanaldiak. Guztira 500 piano ikaslek hartu dute parte.
Aizkorpe bailarako Tobera musika eskolako piano ikasleak Azpeitiko emanaldian hartu zuten parte, Zumarragako Secundino Esnaola eta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskoletako ikasleekin batera. 39 piano jotzailek egin zituzten saioak larunbat goizean Azpeitiko Soreasu antzokian, horietatik sei Toberakoak. Alexia Georgina Zota, Izaro Madariaga eta Naiara Iraola zegamarrak eta June Vignolo segurarra bakarka aritu ziren eta Inge Ormazabal eta Maialen Ojanguren zeraindarrak lau eskutara.
III. piano jaialdian parte hartu duten ikasleak adin eta maila guztietakoak izan dira. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak adierazi du topaketa pedagogikoa eta artistikoa dela: “Gazteen eta helduen artean kultura eta musika trukea sustatzeko ezinbesteko hitzordu gisa sendotzen ari den ekitaldia da piano jaialdia”.


















