«Merkea eta azkarra nahi dugu, eta artisautza guztiz kontrakoa da»
Kiribilak markaren atzean dagoen artisaua eta artista da Irati Maiztegi (Legazpi, 1996). Tailerrak ematen ditu Beasainen duen sormen espazioan.
Irati Maiztegi artisaua, bere lokalaren aurrean.Laida Goiburu Elektronika ikasi zuen Irati Maiztegik (Legazpi, 1996), baina gerora konturatu zen ez zela hori nahi zuena, eta duela urte eta erdi Kiribilak marka sortu zuen. Eskuekin sortzea du gustuko. Iazko maiatzean sormen espazioa jarri zuen abian Jose Migel Iturriotz 19 behean. Tailerrak eskaintzen ditu han.
Joskintzan hasi zinen, eta Kiribilak sortu zenuen ondoren, duela urte eta erdi. Zergatik?
Pandemian josteko makina erosi nuen, eta saltsatzen hasi nintzen, probatu eta probatu. Urte batzuk josi gabe egon nintzen. Duela urte eta erdi hasi nintzen Kiribilak sortzeko ideiarekin, eta horrela hasi nintzen forma ematen. Pintura klaseetan apuntatu nintzen, baina beste teknika batzuk ere egiten genituen, eta horietako bat izan zen linoleo zigiluak egitea. Oihalak horiekin estanpatzen hasi nintzen, eta hortik etorri zen berriz josten hasteko eta nire produktuak egiten hasteko ideia. Momentu horretan aktibatu nuen Kiribilak.
Nondik dator Kiribilak izena?
Sortu nuenean eraldaketa prozesu handi-handi batean egon nintzen, eta konturatu nintzen etengabe nagoela eraldaketa handi-handiak ematen nire bizitzan; ze ikasi nahi dudan, non bizi izan naizen… asko mugitu naiz. Tailer asko egin ditut eskuekin lantzeko, Reiki ikasi dut… Kiribilak dator eraldaketa batetik.
«Zonalde honetan ez da kolore askorik erabiltzen osagarrietan, eta nire produktuen bereizgarri handia da kolorea»
Espiral forma dauka –markaren irudiak– eta eraldaketa sinbolizatzen du niretzat. Beti nago gauza berriak ikasten, saltsatzen, ezin dut geldi egon. Ehungintza lanak egiten ditut printzipalki baina egiten ditut kandela ekologikoak, usain girotzaile ekologikoak… Nire denbora librean egin ditzaket kakorratz lanak, makramea, belarritakoak, egurra lantzea gustatzen zait… hortik dator.
Joskintzan zentratzen zara egun?
Ehungintza osagarriak egiten ditut gehien bat. Nire markaren ezaugarri nagusia kolorea da. Zonalde honetan ez da kolore askorik erabiltzen osagarrietan, eta nire produktuen bereizgarri handia da kolorea.
Azoketan hasi zinen zure produktuak saltzen?
Ni Burgosen bizi nintzen momentu horretan, markarekin hasi nintzenean, herri txiki batean. Instagrama ireki nuen, eta hortik zabaltzen hasi nintzen, eta pixkanaka azoka batzuetan parte hartzen. Azoka batean apuntatu nintzen Zumarragan eta ondo joan zitzaidan. Bizitzako momentu horretan aldaketa bat behar nuenez, orduan atera zitzaidan espazio hau irekitzeko ideia.
Badago artisau gazteen sare bat azoketan?
Nire ustez, artisautza pixkanaka eraldatu egin da, modernizatu egin da. Bagaude pixkanaka beste era bateko artisautzan belaunaldi erreleboa egiten ari garenok. Ez da betiko artisautza, ez da taila, edo artilea lantzea… betiko artisauak ez dira hainbeste, baina nire kasuan adibidez oihal modernoak ekartzen ditugunak, edo buztin polimerikoko belarritakoak egiten dituztenak… Material berriekin sortzen dugun artisauak hasi gara, eta badago jende gaztea. Nik parte hartzen dudan azoketan gehiengoa gaztea da, 25 eta 40 urte artekoa.
Ze alde on eta txar ditu egun artisautzak?
Ez da batere erraza honetaz bizitzea, artisautza lana baloratzen duen jende gehiegi ez dagoelako. Gaur egun erosketak Internet bidez egiten ditugu eta hurrengo egunean iristen zaizkigu. Merkea eta azkarra nahi dugu, eta artisautza guztiz kontrakoa da. Mantsoa den lan prozesu bat da, eta lanordu asko dauzkana atzean eta kalitatezko produktua dena. Publikoa oso zehatza da. Egia da Euskal Herrian gehiago baloratzen dela Espainiar estatuko beste probintzia batzuetan baino. Nik uste hori badugula Euskal Herri mailan.
Alde on asko dauzka. Nik maitasun handiz sortzen ditudan produktuak pertsonek erabiltzen dituztela ikustea, urte asko iraungo dietela, kolorea ematen dietela beren bizitzari… nik kurtsoak ematen ditudanean eta jendea bere eskuekin sortzera animatzen dudanean, niretzat horrek izugarrizko balioa dauka eta jasotzen dudana erraldoia da. Asko gustatu zait betidanik eskuekin sortzea, eta honetaz bizitzea niretzat izugarrizko pribilegioa da.
«Asko gustatu zait betidanik eskuekin sortzea, eta honetaz bizitzea niretzat izugarrizko pribilegioa da»
Tailerrak eskaintzen dituzu sormen espazioan. Harrera ona izan dute?
Oso ona. Betetzen ari dira plaza denak, eta jendea oso gustura ateratzen da. Errepikatzaileak dira gehienak. Josteko makinak duela hiru aste ekarri ditut; orain arte beste artisau eta artista batzuek eman dituzte tailerrak hemen eta ni azoketan egon naiz buru-belarri, eta orain ni hasi naiz.
Josten jakin behar da tailerretan parte hartzeko?
Ez, zerotik hasita eskaintzen ditut. Lehenengo zatian makina ezagutu, nola funtzionatzen duen ikasi eta josten ikasten da, eta gero sortzen duzu produktua. Martxoaren 6an tote bagak egiten ikasteko tailerra dugu, eta bete da; martxoaren 7an osagarriak egitekoan leku bat geratzen da; eta ondoren, martxoaren 19an nezeserrena, martxoaren 21ean tote bagena, 26an ordenagailu zorroena eta 28an osagarriena izango ditugu.












