Buruhandiak egiteko tailerra antolatu dute Ezkion, datorren astean hasita
Mikel Ibarzabal —atzean, eskuinetik bigarrena— Ormaiztegiko buruhandiak aurkezten, 2019an. Laida Goiburu Ezkion buruhandiak egiteko tailer berezia antolatu dute datorren astetik aurrera. Ikastaroa gazteei eta helduei zuzenduta dago eta helburua «auzolanean, elkarlanean eta giro onean» Ezkiorako buruhandiak egitea da. Ikastaroa Mikel Ibarzabal bergarrak eskainiko du. Ibarzabalek esperientzia luzea du buruhandiekin, urrutira joan gabe, Urretxuko bandoleroak berak sortuak dira, eta Ormaiztegiko buruhandiak ere egin zituen San Andres herri eskolako ikasleekin batera 2019an.
Buruhandiak egiteko saioak astelehenetan izango dira, 16:30etik 19:00ra bitartean, Ezkioko gaztelekuan. Parte hartzeko izena eman beharra dago aurrez, udaletxera deituta. Martxoaren 6a izango da horretarako azken eguna. Gazteen kasuan, 12 urtetik gorakoak eman ahal izango dute izena. Hala ere, gaztelekura hurbiltzen diren 6 urtetik gorako haurrek prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, eta helduek egoki ikusten dutenean, laguntzeko aukera ere izango dute.——













