Emakumeari eta ziklotasunari buruzko saioak Lazkaon
Ainitze Sala fitoterapeutak gidatuko du formakuntza. Astelehenean, martxoaren 16an bukatzen da izena emateko epea.
Ainitze Sala fitoterapeuta lazkaotarra. Hitza Emakumezkoen hormona zikloari eta hilekoaren osasunari buruzko ikastaroa antolatu du udaletxeko erakusketa gelan, Lazkaoko Jabekuntza Eskolak. Astelehena, hilak 16 izango da izena emateko azken eguna. Hiru saio izango dira; martxoaren 24an, maiatzaren 5ean eta ekainaren 2an. Ainitze Sala baserritarra eta fitoterapeuta izango da formakuntzaren dinamizatzaile. Sendabelarren inguruko ikastaroak ematen aritzen da.
Salak dio emakumezkoen ziklotasunaren inguruan ezjakintasun «handia» dagoela, horregatik autoezagutzan «oinarritzen» da ikastaroa: «Asmoa izango litzateke biologikoki gure gorputzean zer gertatzen den ikustea eta ikastea».
Emakumeen eguneroko bizitzan eragina duten hormona-prozesuak hobeto ulertu eta horiek modu naturalean kudeatu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago ikastaroa. Fitoterapeutak sendabelarren bidez sintoma ezberdinei nola aurre egin ere erakutsiko du, eta hilekoarekin gaizki pasatzen duen jendea animatzen du saio horietara joatea. Fitoterapia sendabelarren zientzia da.
Bi mundu bateragarri
Lazkaotarrak azpimarratu du bateragarriak izan daitezkela sendabelarrak eta medikuntzako sendagaiak erabiltzea ziklotasunean. Emakume batek antisorgailuak hartzea haurdun ez gelditzeko zilegi dela adierazi du Salak, «beti jakinda zer erabaki hartzen ari garen, eta gure gorputzean zer gertatzen den».
«Biologikoki gure gorputzean zer gertatzen den ikustea eta ikastea da ikastaroaren helburua»
Ainitze Sala. Baserritarra eta fitoterapeuta
Sendabelarrek lagundu dezaketela medikamentuak hartzerako momentuan adierazi du fitoterapeutak.
Saio bakoitzeko lanketak
Hiru saiotan banatuta dago ikastaroa. Gaztetasunetik heldutasuneraino emakumeen ziklotasuna aztertzen eta ezagutzen joango dira.
Lehendabizikoan, norberaren gorputza ezagutzen eta sendabelarrekin errezeta batzuk lantzen hasiko dira. Bigarrenean, beste sintoma batzuen inguruan ikasi eta konponbidea ematen saiatuko da. Hirugarrenean, perimenopausia, menopausia eta postmenopausia zikloak landuko dituzte.
Saioak hilabetero izatea nahita jarri dituztela esan dio Salak, «aurreko saioan ikasi duguna hausnartzeko eta infusio batzuk probatzeko denbora hori ematea garrantzitsua baita». Saio horietan jendeak esnatze horretan esperientzia politak izaten dituela adierazi du. Formakuntza sentsazio horiek elkarbanatzeko espazioa ere izango da.
Jabekuntza Eskola
Emakumeen berdintasuna, ahalduntzea eta seguruak zein aberasgarriak diren topaguneak sustatzea da Jabekuntza Eskolaren helburua. Urte osoan zehar ekintza ugari antolatzen ditu Jabekuntza Eskolak.
Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa martxan dago une honetan. Hamar saio izan dira, eta martxoaren 18an azkeneko saioa edukiko dute. Ikastaroa ematen Saioa Baena fisioterapeuta ari da.













