Goierriko Euskal Herrian Euskaraz taldea aurkeztuko dute apirilaren 14an
Martxoaren 15era bitartean «erdaldundutako» bide-seinaleak ezabatzeko deia egin dute.
Gaztelerazko izenak ezabatuta Beasaingo bide-seinale batean. Loinaz Agirre Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldea Goierrin saretzen ari da eta apirilaren 14an, Lazkaoko Gerriko elkartearen txokoan egingo dute 18:30ean Goierriko EHEren aurkezpena. «Euskara, euskaldunak eta Euskal Herria (hizkuntza, hiztunak eta lurraldea) ardatz dituen eragile euskaltzalea» da EHE, «inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna du helburu dituena».
Lazkaoko aurkezpenean EHEren jardunaren eta apirilaren 24an eta 25ean Azpeitian EHEk egingo dituen topaketen berri emateaz gain, Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal bertsolarien saioa ere izango da.
Euskarari «prestigioa»
Goierriko taldearen aurkezpenaren aurretik dena den, martxoaren 15era bitartean, «Korrika hastear den testuinguruan», Euskal Herri osoan egiten ari diren Ireki bidea euskarari egitasmoarekin bat egin dutela jakinarazi dute. «Goierriko hainbat tokitan ekimen hau egingo da, eta ahal den heinean, euskaltzale guztiak animatzen ditugu ekimen honetan parte hartzera».
EHEren esanetan, «ekimen honekin, Euskaltzaleoi luzatuko zaien erronka hauxe izango da: astebetez, martxoaren 9tik 15era, erdaldundutako Euskal Herriko bide-seinaleak ezabatzea eta euskarari lehentasunezko lekua ematea. Hartara, euskara prestigiatzen dugu; euskara ikasteko edo, gutxienez, ulertzeko beharra sortzen dugu; gure ingurua euskaraz ulertzeko eta izendatzeko baliabideak ematen ditugu; euskaraz garela lau haizetara argi zabaltzeko tresnak sortzen ditugu».
EHEren izenean egiten diren ekimenak Goierri mailan zabaltzeko helburuarekin, Instagram kontua ireki dute, Goierriko EHE izenarekin.












