Zaintzaren inguruko diagnostikoa aurkeztu dute Ordizian
Azterlanak agerian utzi du zaintza komunitarioa indartzeko beharra. Ordiziako Zaintza Mahaiko kideen ustez, “ekintza estrategikoa” izan da diagnostikoa.
Aurkezpeneko irudia, atzo arratsaldean. Izaro Villarreal Ordiziako zaintzaren egungo egoera aztertzen duen aurreneko diagnostikoa aurkeztu dute herriko Zaintza Mahaiak, Ordiziako Udalak eta Murgibe Berdintasun Aholkularitzak. Atzo egin zuten aurkezpena Barrena jauregian. Helburua da diagnostiko honekin zaintza-sistemaren indarguneak, hutsuneak eta etorkizuneko erronkak identifikatzea, bereziki adineko pertsonen zaintzari dagokionez.
Zaintza Mahaia iaz sortu zuten herriko hainbat herritarrek eta eragilek, Mugimendu Feministak duela bi urte azaroaren 30ean egindako greba orokor feministak mahai gainean jarritako premisa batetik abiatuta. Asmoa da zaintzak erdigunean jarriko dituen eredu komunitario baterantz urratsak egitea.
Zaintza Mahaiko kideen arabera, diagnostikoa “ekintza estrategikoa” izan da. “Zaintzaren gaia oso orokorra zela ikusi genuen, eta ez genekien nondik hasi. Horregatik ikusi genuen beharrezkoa zela herriko errealitatea jasoko zuen diagnostiko bat egitea”, azaldu du Amaia Iztuetak.
Prozesuan zaintzan inplikatutako eragile eta norbanakoekin aritu dira lanean. Ainara Ormaetxeak azaldu duenez, entzute ariketa bat egin nahi izan dute: “Jatorri ezberdinetako emakumeekin egon gara harremanetan, eta aurkezpena egindako lanaren nolabaiteko deboluzioa ere bada”.
200 lagunen parte hartzea
Diagnostikoak zaintzaren marko kontzeptuala, erabilitako metodologia eta Ordiziako testuinguru soziodemografikoa jasotzen ditu, baita adineko pertsonen zaintzaren egungo egoera ere: zaintza-lanen bilakaera, genero-desberdintasunak eta nahi gabeko bakardadea, besteak beste.
Ikerketa nagusiki kualitatiboa izan bada ere, 200 bat lagunek hartu dute parte, Itsasne Martinez Murgibeko kideak azaldu duenez. Inkestak eta elkarrizketak egin dizkiete zaintzan inplikatutako eragileei eta herritarrei, zaintzaren hiru mailak kontuan hartuta: formala, komunitarioa eta profesionala.
Azterketaren arabera, Ordiziako zaintza-sistema “egiturazko trantsizio une batean” dago. “Zaintza informalak, formalak eta komunitarioak elkarrekin bizi dira, baina ez orekan; desoreka horrek genero-, klase- eta jatorri-arrakalak areagotzen ditu”, azaldu du Martinezek.
Ondorio nagusiak
Diagnostikoak ondorioztatu du zaintza komunitarioa indartzea “funtsezkoa” dela, bereziki babes-sare informalik ez duten pertsonentzat. Era berean, agerian utzi du zaintza profesionalaren zati handi bat jatorri askotariko emakumeek sostengatzen dutela. Horren normalizazioak, ordea, zaintza-sistema “bidegabe eta jasanezina” sortzen duela ohartarazi dute, “zaintza-kalitatea emakume migratzaileen prekaritatearen gainean eraikitzen delako”.
Bestalde, merkataritza eta ostalaritza ere zaintza komunitarioaren “pieza estrategikoak” direla nabarmendu dute. Izan ere, dendek eta tabernek eguneroko presentzia eta harreman jarraitua eskaintzen diete adineko pertsonei, eta horrek “zaintza-sare informalak” sortzen laguntzen du.
Diagnostikoak, halaber, desberdintasun ekonomikoen eragina azpimarratzen du: “Baliabide ekonomikoak dituzten familiek zaintza pribatua kontratatzeko aukera handiagoa dute; baliabiderik ez dutenek, berriz, etxe barruan antolatzen dute zaintza, gehienetan emakumeen gain utzita”.
Ordiziako egunerokoari erreparatuta, Zuhaizti gizarte-zentroaren eginkizuna ere nabarmendu dute. Diagnostikoaren arabera, zaintza komunitarioa sustatzeko “baliabide indartsua” da, sozializazioa, eguneroko errutinak eta bakardadearen prebentzioa uztartzen baititu.
Etorkizunerako erronkak
Diagnostikoak etorkizunera begira hainbat erronka nagusi ditu, Ordiziako zaintza sistema indartzen jarraitzeko: zaintza lanetan diharduten profesionalen baldintzak hobetzea; arduren benetako banaketa soziala sustatzea, zaintza ez dadin familia barruan eta bereziki emakumeen gain bakarrik jauzi; eta zainduen ikuspegia gehiago txertatzeko beharra, alegia, zaintza jasotzen duten pertsonen esperientzia eta beharrak kontuan hartzea politika eta ekimen berriak diseinatzerakoan.













