Binakako finalerako pilotak, aukeratuta
Laso eta Albisu, eta Altuna III.a-Ezkurdia konforme daude saskian aurkitutako materialarekin.
Albisu, Laso, Altuna III.a eta Ezkurdia, atzo, Iruñeko Nafarroa Arenan, pilotak aukeratu ondoren. Aspe pelota Martxoaren azken igandean, hilaren 29an, jokatuko dute Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk –urdinez– eta Jokin Altuna Altuna III.ak eta Joseba Ezkurdiak –gorriz– Binakako Pilota Txapelketaren finala Iruñeko Nafarroa Arenan. Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
Atzo egin zuten pilota aukeraketa finaleko frontoian. Martin Alustiza segurarrak eta Mikel Urrutikoetxeak pilota hautatzaileek hamabi pilota jarri zituzten saskian –orain bi hilabete egin zuten lan hori–, eta bikote bakoitzak hiruna aukeratu ditu finalerako. Lasok eta Albisuk aurkariek baino pilota pisutsuagoak hautatu dituzte (104,9 gr, 105,0 gr eta 106,0 gr). Gorriek aukeratuek honako pisua dute: 105,3 gr, 104,5 gr eta 104,6 gr. Lau pilotariak konforme daude saskian aurkitutakoarekin, eta pilotak ez dira finalerako aitzakia izango.
Albisu ataundarrak hirugarren finala izango du binakakoan, joan den igandean Elordi-Zabaleta bikoari 22-21 irabazi ondoren finalerdietako hirugarren eta azken partida erabakigarrian. Lasok eta Albisuk datorren astelehenean lansaioa egingo dute finala jokatuko den frontoian.













