OMENDUA. Errigorari aitortza
24. Korrikak Errigora omenduko du ibilbide osoan. Goierrin Xabier Albizu eta Erramun Amundarain zena izan dira urte askoan bultzatzaile nagusiak.
Errigorako Goierriko herrietako hainbat ordezkari, Segurako Elorri elkartean. Loinaz Agirre 24. Korrikak aitortza egin nahi dio «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz» lanean ari den Errigora proiektuari. Nafarroa hegoaldean, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen eta egiten ari den lana nabarmendu nahi du Korrikak, eta aldi berean, babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere.
2013an martxan jarritako «egitasmo herritarra» da Errigora, «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituena». Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den eremuan eragiten du, bertako berezko elikagaiak Euskal Herriko etxeetaraino bideratuz.
Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu eskualdez eskualde, herriz herri. Goierrin, Xabier Albizu eta Erramun Amundarain zena izan dira urte askoan bultzatzaile nagusiak, nahiz eta orain gazteagoei erreleboa emana dieten.
«Herria egin»
Errigoraren eta Korrikaren arteko antzekotasunei buruz galdetuta, honela erantzun du Albizu segurarrak: «Biek egiten dute herri. Asmoa behintzat herria egitea da, hizkuntzaren bidez».
Urtean bi kanpaina antolatzen dituzte: Gabonetan, saskiak, eta udaberrian, produktu solteen loteak, gaur bukatuko dena. Kanpaina horiekin, elikadura burujabetza oinarri hartuta, Nafarroa hegoaldeko produktuek, ere egiten dituzte kilometroak. Euskal Herriko eskualdeetara lehenengo eta etxeetaraino ondoren. Kasu honetan, noski, ibilgailuetan.
«Epe luzeko lan bat da. Hasi ginenetik gaurko egunera, gero eta ekoizle gehiago dira. Izugarri eskertzen dute»
Xabier Albizu. Goierriko Errigorako taldekidea
13 urte hauetan Errigora proiektuaren eragina nabarmena da Nafarroa hegoaldean, Albizuk nabarmendu duenez. Batetik, ekoizleentzat: «Epe luzeko lan bat da. Hasi ginenetik gaurko egunera, gero eta ekoizle gehiago dira. Izugarri eskertzen dute. Beraien lana edo produkzioa salduta egongo dela jakitea, izugarrizko aurrerapena da». Albizuren esanetan, momentu honetan 20tik gora dira ekoizleak.
Ondorio nabarmenak
Eta bestetik, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru ekarpena egiten dio Errigorak, besteak beste, euskarak espazio berriak irabazita. Adibidez, «nesken futbol taldea sortu dute eta aisialdi programa ere bai».
Guzti horregatik, segurarrarentzat egokia da Korrikak Errigorari egingo dion aitortza: «Nik uste dut, Euskal Herrian jende askok daukala meritua, eta Errigora da horietako bat».













