‘Euskara gara’ aldarrikatzera, inoizko babesik handienarekin
Bihartik martxoaren 29ra bitartean Atharratze eta Bilbo lotuko ditu 24. Korrikak. 2.175 kilometro izango ditu, eta 3.436 lekuko-hartze.
2.175 kilometro izango ditu 24. Korrikak, eta 3.436 lekuko-hartze.Hitza Xiberutikan Mendebaldera abestiaren erritmoan, bihar, 15:30ean Atharratzen hasita, martxoaren 29an Bilboko Areatzara 12:00etarako iristeko bidea egingo dute milaka eta milaka euskaltzalek. Lasterketarik luzeena eta bereziena da inondik ere Korrika: gelditu gabe, gau eta egun, 11 egunez eta 10 gauez, Euskal Herri osoan 2.175 kilometro eginez, eta eskuz eskuz, 3.436 eragilek euskararen lekukoa eramanez eta euskararen aldeko aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz.
Goierrin martxoaren 28an
Ttipi-ttapa badator, bi urtean behin, AEKk antolatutako Korrika eta Goierri Korrikaren zain dago, antolaketa lanak eginda. Aurtengoan ere bukatu bezperan iritsiko da Korrika Goierrira, martxoaren 28an. Urretxun 07:44ak sartu eta, 50 kilometro eta 170 lekuko aldatze egin ondoren, Legorretatik irtengo da, 13:08ean. Beste behin ere, Korrikaren furgoneta, lekukoa, pankarta eta korrikalari andana ikusteak emozioak borborka jarriko ditu goierritarren artean.
1980an Oñatitik Bilbora egin zen lehenengo Korrika hartatik, helburuak ez dira aldatu, nahiz eta 46 urte pasatu diren. Euskararen alde bi urtean behin antolatzen den ekitaldirik jendetsuenak bi helburu nagusi ditu. Batetik, euskararen sustapenean eragitea, euskararen aldeko kontzientzia suspertuz.
Eta bestetik, AEKko euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Baliabide ekonomiko horiekin, Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ezagutzea, eta herritarrek egunerokoan euskara normaltasunez erabiltzea lortu nahi du AEK-k. Horretarako, euskararen normalizaziorako eremu guztietan aritzen da: ezagutzan,
erabileran eta sustapenean.
Leloa eta omendua
Euskara gara mezua zabalduko du 24. Korrikak 11 egunetan, «euskara da euskaldun egiten gaituena. Euskarak batzen gaitu» aldarrikatuz. Komunitatearen «izaera irekia eta askotarikoa» azpimarratuko dute, eta batez ere, «euskararen herrian denontzako tokia» dagoela.
Errigora, Zainzuriñe eta Orburutxo
Bestetik, urteroko omenduari dagokionean, 24. Korrikak Errigora egitasmoa omendu nahi du. Era horretan, Korrikak aitortza egin nahi dio «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik». Era berean, «babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada» ere eragin nahi du. «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes» ditu Errigorak.
Aurtengo omenduarekin lotuta, martxoaren 19tik 29ra bitartean, Euskal Herriko errepideetan bi lagun berezi ariko dira korrika milaka eta milaka euskaltzaleren artean: Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak. Errigorako kideen esanetan, Zainzuriñerekin eta Orburutxorekin, ibilbide osoan zehar euskara, elikadura burujabetza eta auzolanaren aldeko aldarria Euskal Herri luze-zabalean hedatuko dute.
Bi lagun horiek non dauden identifikatzen dituztenek –lasterketa bitartean, 24 orduko zuzenekoan eta/edo Korrika aplikazioan– sorpresaren bat izango dutela aurreratu dute AEKko arduradunek.
Parte hartzeko moduak
Korrikarekin bat egiteko eta Korrikan parte hartzeko modu desberdinak izaten dira. Batetik, aurretik, antolaketan arituz, Korrika batzordeetan parte hartuz eta herrietan antolatzen diren ekitaldietan parte hartuz.
Bestetik, diruz lagunduz. Korrika Laguntzailea izanez, Korrikako materiala erosiz, Korrikalarien petoa erosiz, edo diru ekarpena eginez Korrikaren izenean Laboral Kutxan dagoen kontuan ES70 3035 0072 02 0720037810 edo BIZUM bidez, «korrika», edo «aek» bilatuta. Beste aukera bat da, lekuko hartzerako diru ekarpena egitea. Gero eta gehiago dira familian
eta lagunen artean lekuko hartzerako dirua jartzen dutenak.
Eta nola ez, bakoitzak bere erritmoan eta ahal duen neurrian, Korrikaren egunean, korrika egitea edo bide bazterretik txalo eginez.
Goierri Korrikarako prest da!













