‘Frai Bartolomeren misterioa’ eskapu jolasa, zubian
Bihartik igandera bitartean egongo da aukera, Zegamako Anduetza parketxean.
Zegamako Udalak eta Anduetza parketxeak Frai Bartolomeren misterioa natura eskapu jolas «berritzailea» sortu dute elkarlanean. Aurretik ere eskaini duten arren, zubian zehar berriz eskainiko dute Anduetzan, gaurtik igandera bitartean.
«Bartolome fraideak mundu osoko hainbat baso bisitatu ditu bere bizitzan zehar. BIdean balio handiko altxor sekretu bat bildu du eta Zegaman ezkutatuko du, haurra zela bizi izan zen herrian. Iristear dela norbait atzetik dabilkiola konturatu da. Beldur da altxorra lapurtuko ote dioten. Lagunduko al diozu?», horrela aurkeztu dute jolasa.
Familiei zuzenduta
Azken urteetan bogan jarri diren escape room talde jokoan oinarrituta dago, bereziki familiei eta lagun taldeei zuzeduta dagoena. Parte hartzaileek hainbat enigma argituko beharko dituzte jolas eta frogen bitartez, Frai Bartolomeren altxorra ezagutzeko. Jolasa aire zabalean egiten da, Anduetzako arboretum-ean zehar. Parte harzaileei zakuto bana emango zaie, jokoan zehar beharko dituzten hainbat elementurekin.
Basoa, zuhaitzak eta zura bezalako kontzeptuak lantzen dira jolasean zehar, «gai horien inguruan ikasteko, jolasteko eta irudimena lantzeko tarte dibertigarria da. beste ezer baino gehiago», diote. Izena emateko 943 80 21 87ra deitu edo anduetza@gipuzkoanatura.eus-era idatzi daiteke.













