Goierrin erabakiko dira finalerako txartelak
Beasainen larunbatean Binakako Txapelketako bi finalerdi jokatuko dira, promozio eta lehen mailako bana, eta Legazpin igandean lehen mailako bestea. Lehiaketa luzearen ondoren, azken txanpa da.
Beasaingo eta Legazpiko finalerdietan ariko diren pilotariak, gaur, Antzizargo pilotalekuan.Laida Goiburu Ados Pilotaren Binakako Txapelketako azken aurreko pausoak Goierrin emango dituzte pilotariek. Asteburuan Beasainen eta Legazpin jokatuko dira txapelketako finalerdiak, eta han erabakiko dira martxoaren 27an Azpeitian jokatuko diren finalean nortzuk ariko diren. Gaur Antzizar kiroldegian aurkeztu dituzte finalerdietako partidak pilotariek, eta materiala ere aukeratu dute.
Beasainen jokatuko dira aurreneko finalerdiak, larunbatean, hilaren 21ean, Antzizargo pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Promozio mailan Iriarte-Ernaga eta Sagardui-Etxeberria bikoteak ariko dira nor baino nor. Lehen mailan, berriz, Iturriaga-Orbegozo eta R.L Mujika-O.R Larramendi (R.L Mujika bere iloba O.R Larramendirekin ariko da) ariko dira finalerako txartela lortzeko lehian.
Ados Pilotak azaldu duenez, “oso lehia estua” aurreikusten da promozioan: “Iriarte-Ernaga bikoteak erregulartasuna falta izan du txapelketan, baina barruan duten guztia ateratzeko gai badira, bikote orekatua eta handia osatzen dute. Sagardui-Etxeberriaren kasuan, Sagarduik beste abiadura bat ematen dio pilotari eta bere erritmoan jokatzera behartzen baditu aurkariek asko sufrituko dute. Horri, Etxeberriak txapelketan zehar erakutsi duen sendotasuna gehitu behar zaio”.
Baita lehen mailan ere, nahiz eta faborito Iturriaga-Orbegozo aterako den. “Liga fase bikaina osatu dute, lidergoan amaituz jokatutako 10 partiduetatik 8 irabaziz. Bereziki aipagarria izan da bikote bezala erakutsi duten defentsa, aurkariak tantoa egiteko lan eskerga egitera behartuz”. Aurkari izango dituzten izeba-ilobek azken jardunaldietan eman dute mailarik onena, eta bikote bezala funtzionatzen duenean “oso aurkari arriskutsuak” direla ohartarazi du Adosek.
Urbeltzen irekierarekin bat
Legazpin, igandean, hilaren 22an, lehen mailako bigarren finalerdia jokatuko da, Urbeltz pilotalekuan. Berezia izango da, pilotalekuaren berrirekierarekin bat egingo baitu jardunaldiak. Egitaraua 15:45ean hasiko da herriko pilotari gazteek eta inguruko jokalariek osatutako bikoteen partidekin. 17:00etan hasiko da Binakako Txapelketako finalaurrekoa: Barrokal-Perez eta Oskoz-Arrastia ariko dira aurrez aurre. Barrokal-Perez aterako da faborito. Adosen esanetan, “bikote horri aurre egitea zaila” den arren, “Oskoz-Arrastia bikoteak badu horretarako gaitasunik”.
“Eta 42 ligako partida jokatu behar izan dira finalerdiak erabakitzeko. Azken txanpa da, txanparik politena”
Iera Agirre Iturriaga. Ados Pilota
Gutxi falta da Binakako Txapelketari amaiera emateko. Iera Agirre Iturriagak azaldu duen bezala, abenduaren 27an hasi zen, eta martxoaren 27an bukatuko da: “Horrek esan nahi du oso lehiaketa luzea eta gogorra izan dela, baina aldi berean oso lehiaketa polita”. Jardunaldi asko izan dira: “Eta 42 ligako partida jokatu behar izan dira finalerdiak erabakitzeko. Azken txanpa da, txanparik politena”.
Beasainen badira bost urte lehen aldiz Binakako Txapelketako partidak antolatu zituela Adosek udalarekin. Leire Artola alkateak adierazi du “plazer bat” dela aurten finalerdiak Beasainen izatea: “Bada gure herriko kirolari egiten diogu aitortza bat, baina baita berdintasunari ere. Guri gustatuko litzaigukeena da gizon zein emakume baldintza eta oihartzun berdinekin gure herriko frontoian jokatzeko aukera izatea”. Adosek egiten duen lana goraipatu du: “Horretarako ezinbestekoa da Ados Pilotarekin dugun elkarlana sustatzea eta emakume pilotari profesionalen bidean egiten duten lan hori aitortzea”
Harmailak beteta ikusi nahi dituzte larunbatean Beasainen zein igandean Legazpin. Herritarrak animatu dituzte jaialdiak ikustera joatera. Doakoa da sarrera.














