Laurehundik gora txirrindularik eman dute izena igandeko VI. Igartza Sarirako
Espainiako Kopako bigarren proba izango da. Elite eta 23 urtez azpiko, kadete, eta junior eta master mailatan jokatuko da.
Txirrindulariak V. Igartza Sariko irteeran, iaz.Lide Egizala Laurehundik gora txirrindulari elkartuko dira ondo bidean igandean, martxoaren 22an, Beasainen, Loinaz Txirrindulari Elkarteak antolatutako VI. Igartza Emakumezkoen Sariaren bueltan. 454 txirrindularik eman dute izena parte hartzeko. Nafarroa etorbidean izango dira irteerak eta helmugak.
Espainiako Kopako bigarren proba izango da Beasaingoa, lehena joan den astean Nojan (Kantabria, Espainia) jokatu ondoren. Hiru mailatan jokatuko da: junior eta master, kadete eta elite-23 urtez azpikoan. Junior eta masterretan 120 txirrindulari daude izena emanda, kadeteetan 165, eta elite eta 23 urtez azpikoan 169.
Juniorren proba 09:00etan hasiko da. 48,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lierni eta Olaberriko gaina igo beharko dituzte bi aldiz, tartean Beasaingo erdigunetik pasatuta.
Elite eta 23 urtez azpikoko txirrindulariak 10:45ean irtengo dira, eta 73 kilometro osatu beharko dituzte. Hiru aldiz igoko dituzte Lierni eta Olaberriko gaina, tartean bi aldiz igarota Beasaingo erdigunetik.
Kadeteek, azkenik, 13:15ean izango dute irteera, 23,4 kilometroko ibilbidea osatzeko. Behin igoko dituzte Lierni eta Olaberriko gaina, tarteko helmugarik gabe.
Izena eman dutenen artean daude Naxara Odriozola beasaindarra (junior, Mirat Team), Maixa Odriozola ataundarra (junior, Zu-K Limousin), Eguzkiñe Romaratezabala zumarragarra (23 urtez azpikoa, Team Zatika), Oneka Sanchez beasaindarra (23 urtez azpikoa, Team Zatika) edo Lur Zufiria ormaiztegiarra (23 urtez azpikoa, Team Zatika).













