‘Zerbait sartu zait begian’ emanaldia, igandean Zaldibian
Imanol Epelde egungo bizimoduaren abiaduraz eta zoriontasunaren bilaketa amaigabeaz ariko da ikuskizunean, besteak beste.
Imanol Epelde Pagolak hitza, irudia eta musika elektronikoa uztartzen dituen saioa eskainiko du, igandean, 17:30ean, Zaldibiako Herri Antzokian. Sarrerak 3 euroan daude salgai Karreane kultur etxean, eta egunean bertan leihatilan ere eskuratu ahal izango dira. Langabeentzat eta ikasleentzat sarrerak doan izango dira.
Eszenatokian Epeldek bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahastuz gaur egungo gizarteaz hausnartuko du.
Ikuskizunaren sortzaileak dio euskara «minorizazio» egoeran dagoela, Euskal Herria «diluitzen» ari zaigula mapan, «energia iturriak» agortzear daudela, lurra kolapsotik gertu dagoela, abiadura azkarrean bizi den gizartea dela gurea eta nekeza dela bizitzeko «poz» bat izatea. Bizitza moderno itxuraren atzean ezkutatuta, bizitza gaixotuak eta medikalizatuak ditugula gehitu du. Poz, mezu eta gogo bat piztea du helburu emanaldi honekin Epeldek. Sendagai bat izatea nahi du noraezean dagoenarentzako. Ikusi, entzun eta sentitu beharreko emanaldia aurreratu du.













