Ergoena auzoko 14 baserritara ur hornidura eramango dute
Udal aurrekontuetako proiektu nagusietako bat da. Mutiloak 1.250.000 eurotik gorako aurrekontua izango du. Hilerria bere osotasunean berritzea da beste bat.
Baserriak Mutiloako Ergoena auzoan. Josune Zarandona Mutiloako Udalak 1.253.810 euroko udal aurrekontua onartu zuen martxoaren hasieran egindako osoko bilkuran. Azken urteetako goranzko joerari jarraituz, iaz baino 296.019 euro gehiago izango ditu 2026an zehar gastatzeko. Aurrekontu «potoloa» dela dio Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak eta arrazoia: «Hainbat inbertsio garrantzitsu».
Gastuen atalari begiratuta, pertsonal gastuei dagokie pusketa handiena: 207.735 euro. Gastu arruntetarako 189.235 euro aurreikusi dituzte. Tartean, urtero errepikatzen diren mantenu lanetarako hainbat partida; adibidez, baserri bideak konpontzeko 35.000 euro; kale argiterian mantentze lanak egiteko beste 15.000 euro edo mendi publikoetarako beste 6.000. Herrian antolatzen diren kultur ekintzetarako 9.000 euro gorde dituzte eta euskara sustapenerako beste 6.000. Jaiek ere badute bere lekua: San Pedro jaietarako 22.000 euro aurreikusi dituzte eta Txeri azokarako beste 7.200 euro.
Inbertsioetarako 774.400 euro daude aurreikusita orotara. Gehiago badauden arren, bi azpimarratu ditu alkateak inbertsio «nagusi» bezala. Batetik, Ergoena auzoko 14 baserrietara urtegiko ur hornidura eramateko proiektua azpimarratu du. Legazpiko Brinkola auzoko Barrendiola urtegitik eramango dute ura eta proiektua Gipuzkoako Urak, Mutiloako Udala eta baserrietako jabeen artean eramango da aurrera. «Proiektuari azken ukituak ematea falta da. Jarraian, pleguak prestatu eta lizitaziora aterako dugu, ahal den epe motzenean», dio Ugaldek. Proiektu honetarako 350.000 euro aurreikusi dituzte eta behin amaituta, «Mutiloako ia baserri guztiek urtegiko ur hornidura» izango dute. Gabiriako Udalarekin ere izango da elkarlana, «mugan badaudelako Gabiriako udalerriari dagozkion» baserri batzuk.
Hilerriarekiko zorra
Hilerria konpontzea izango da beste proiektu nagusietako bat. Urteetan ez da bertan ezer egin eta erabat berritu nahi dute, «zaharberritze handi bat egin nahi da. Ziurrenik ez dugu aurten amaituko eta faseka egingo dugu», aurreratu du alkateak. Oraindik ez dute lehentasunik zehaztu, aurrekontuak zenbateraino ematen duen jakin arte, baina asko dago egiteko: «Gaur egun dauden nitxoak aspaldiko urteetan ez dira hustu, gorpuzki batzuk atera beharko dira, txukun jarri eta irisgarri egin. Nitxoetara iristeko koskak daude eta kanpoaldeko paretak zartatuta. 139.000 euro aurreikusi ditugu».
Gainontzen, iaz hasitako Hiri Planeamenduaren berrikuspenarekin jarraituko dute aurten, baina oraindik «hastapenetako urratsetan» daude. Imara ingeniaritza ari da proiektua zuzentzen; guztira «111.000 euroko» aurrekontua du, baina aurten 40.000 euro bideratuko dituzte. Datozen urteetan jarraipena izango du proiektuak.
Troi inguruko meatze gunean berrikuntza lanak egiten jarraitu nahi dute aurten ere. Iaz, seinaleztapen berriak jarri ziren eta aurten, mehatze-ahoetako bat berritu nahi da. Airean dago momentuz proiektua, «Eusko Jaurlaritzako meatze sailarekin lanean ari gara, aurreikuspen bat eginda daukagu, baina ez daukagu momentuz, ezer hitzartuta», aurreratu du. Horrekin lotuta, meatzaritzaren inguruan egiten ari diren liburua «nahikoa aurreratuta» dagoela eta, «aurten» argitaratzea nahiko luke alkateak. Amaitzeko, urtarrila eta otsaileko etenaren ondotik, Errotatxo berriz martxan jarriko dute martxoan, «urte osoko ikuspegiarekin».












