«Polita da ikustea argazki berdinetik ze gauza ezberdin ikusi ditzakegun»
‘Begirada osagarriak’ «elkarlanetik sortutako» lana dela nabarmendu du Etxezarretak. Salgai dago Beasaingo Jon liburu dendan.
Jose Luis Etxezarreta, 'Begirada osagarriak' lana eskuetan duela.Laida Goiburu Lemniskata Kaierak bildumako zortzigarren alea argitaratu du Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak: Begirada osagarriak. Jose Luis Etxezarreta (Beasain, 1961) izan da lanaren koordinatzaile orokorra.
Matematika argazki lehiaketa dago liburuaren oinarrian.
Urtero matematika argazki lehiaketa antolatzen du Lemniskatak, hamabigarren urtez aurten. 10 urte pasatu zirenean elkartu ginen 40 argazki sarituekin eta iruditu zitzaigun kalitate oso onekoak zirela. Orduan liburu bat nola antolatu pentsatzen hasi ginen. Argazki matematikoak badira, ondo legoke bakoitzari testu matematiko bat idaztea, pentsatu genuen. Eta argazkiak baloratzen ari bagara, argazkilari bat tartean egotea ere egokia izango litzatekeela pentsatu genuen.
Eta hortik jende gehiagoren parte hartzea lotu zenuten?
Ikusi genuen posible zela eta gora etorri ginen; zergatik ez ditugu beste bi komentario guztiz desberdinak egiten? Fisikariak, kimikariak, ingeniariak, bertsolariak, irakasleak…
Goierrikoak dira?
Bailarakoak asko, Andaluziako jendea badago, EHUko katedradunak daude… baina %80 inguru bailarakoak. Saiatu gara gazte jendea harrapatzen, guretzat ere ez da errazena gazte jendearengana iristea, baina saiatu gara eta nik uste osatua geratu dela.
Zergatik ‘Begirada osagarriak’?
Argazki bakoitzak ditu lau testu, batzuek 5 dituzte. Denetan, bat behintzat matematikari batena da, beste bat argazkilari batena, eta beste biak denetarik. Nik uste nahiko aberatsa geratu dela. Oso polita da ikustea argazki berdinetik ze gauza ezberdin ikusi ditzakegun; bakoitzak daukan motxila, ikasketa, jakinduria maila, bizipenen arabera ze ezberdinak diren irakurketak. Eta horregatik deitu diogu Begirada osagarriak. Ez dira kontrajarriak, denen arten osatzen dute egiaren gertuko zerbait.
Esaldi bat ageri da lehen orrietan, irekiera gisa…
Zure egia areagotuko da besteen egia entzuten dakizunean (Martin Luther King) da hasierako esaldia. Iruditzen zaigu hori dela neurri handi batean askotan falta duguna, besteen egia ere ezagutzea eta entzutea, eta horixe egin dugu liburu honetan. 155 pertsonak parte hartu dute: antropologo, filosofo, idazle, konposatzaile, fisikari, kimikari, astrofisikariak… horrek aberastu egiten du horrelako lan bat. Zerbait baldin badauka lan honek, niretzat aipagarria da elkarlanetik sortutakoa dela.
Zenbat denbora behar izan duzue?
Iazko urtarrilean hasi ginen honekin. Lan asko kostatu da hainbeste jende lotzea. Data gordetzea, zaintzea noiz bukatzen duzun… larri eta estu ibili gara. Lan oso polita da, gustura egon naiz lan honetan.
Ostiralean aurkeztu zenuten ‘Made in Goierri’ zikloaren barruan.
Bertan izan ziren Lemniskatako lehendakaria den Javier Elortza, Leire Artola alkatea, Fernando Plazaola EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko dekanoa eta neroni ere.
Salgai dago?
Jon liburu dendan egongo da salgai, 15 euroan.












