XIII. Osinberde Saria jokatuko da larunbatean Zaldibian
Sei bertsolari izango dira, eta June Aiestaran beasaindarra da goierritar bakarra. Osinalde bertsolari gazteentzako sariketara sailkatuko dira bi bertsolari.
2025eko Osinberde sarian parte hartu zuten bertsolariak.Zabel Osinberde Sariko bertso kanporaketan 6 bertsolari arituko dira kantuan, larunbatean, Zaldibiako Joxepane herri ostatuan: Maddi Agirre gasteiztarra, Eki Mateorena leitzarra, Danel Herrarte aramaioarra, Irune Basagoiti ermuarra, Beñat Astiz barañaindarra eta June Aiestaran beasaindarra. 20:30ean bertso-afaria izango da, saioa ondoren izango da.
Aiestaran aurreko urtean Osinaldeko finalera sailkatu zen, Aztiriako kanporaketa gaindituta. Aurten gutxienez aurreko urtekoa «berdintzeko» asmoa daukala adierazi du. Saio «polita» egokitu zaiela aurreratu du Beasaingo bertsolariak: «Sei bertsolariok elkar ezagutzen dugu eta lagunak gara». Bertsotarako gogoz joango da beasaindarra larunbatean Zaldibiara. Saioko goierritar bakarra izango da.
Bertsolarientzako aukera handiak direla horrelako saioak esan du Aiestaranek: «Presio handia egoten da saio hauetan, baina bertsolarioi plazak horrelako saioek ekartzen dizkigute».
«Presio handia egoten da saio hauetan, baina bertsolarioi plazak horrelako saioek ekartzen dizkigute»
June Aiestaran. Bertsolariza
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako Goierriko finalean egotetik dator beasaindarra. Aiestaranek herriartekoaren helburua jendea bertsotara animatzea dela dio, «gehiago festa bat zen txapelketa serioa baino». Bi motatako saioak egotearen alde dago Aiestaran. «Saio guztiak serioak eta presio handikoak balira azkar erreko ginateke, eta denak festa bat izango balira gehiegi erlaxatu».
Osinalde sarirako bidea
Osinalde Sarira sailkatzeko hiru kanporaketa jokatuko dira aurretik: Argi Berri saria, Osinberde saria eta Aztiria saria. Kanporaketa bakoitzetik bi bertsolari sailkatuko dira, apirilaren 11ko, Osinalde elkarteko finalera.
54. aldiz egingo dute aurten Osinalde Saria. Bertsolari gazteei zuzenduta dago. Mikel Etxezarreta olaberritarra Aztirin saiatuko da Osinaldera sailkatzen.













