ERREPORTAJEA. Batzuk joan, besteak etorri
Martxoaren 29ra bitartean, Euskal Herriko errepideetan, milaka eta milaka euskaltzale elkartuko ditu Korrikak. Euskal Herriko txokorik bakartienetan ere, gauaren iluntasunean, norbait izango da Korrika egingo duena; tartean, goierritarrak.
Zaldibiako Xirika elkarteko kideak, 23. Korrikan, Nafarroa ipar-ekialdean, Iso inguruan.Hitza Emozio asko sortarazten dituen Euskal Herriko lasterketarik handiena eta bereziena da Korrika. 11 egunetan, gau eta egun, euskararen aldeko mezuak Euskal Herriko errepideetan eta herrietan zabalduz, milaka eta milaka herritarrek hartzen dute parte bi urtean behin AEK-k antolatzen duen Korrikan. Atzo, Atharratzetik (Zuberoa) 15:30ean abiatu zen 24. Korrika, eta martxoaren 29an Bilbora iritsi bitartean, istorio eta emozio ugari sortuko dira.
Korrikaren ibilbidea eta egutegia aztertu, eta Korrikan toki desberdinetan parte hartzen dutenak asko dira. Atzo, esate baterako, eta jai eguna izanik, Atharratzera, Korrikaren hasierara joandako goierritarrak asko izan ziren.
Errepide bakartietan
Eta Goierrira iritsi aurretik, Korrikan parte hartuko dutenak ere asko izango dira. Gero eta gehiago dira, lekuko hartzea taldean, kuadrillan edo familian eskuratu eta Euskal Herriko txoko bakartietan Korrika egiten dutenak.
Zaldibiako Xirika kultur elkarteko kideek adibidez, bihar, Nafarroa hegoaldean, Kaparrotsu eta Valtierra artean, 65. kilometroan, egingo dute korrika, goizean goiz, eguna argitzerako, 05:47ean.
«Antolatzaileei galdetzen diegu non behar den jendea, izaten baitira tokiak bete ezinik ibiltzen direnak»
Libe Sukia. Xirika elkartea
Duela bi urteko Korrikan erabaki zuen elkarteak Korrikaren aitzakian plan edo ekintza berezi bat antolatzea, eta Korrikari ekarpena egitea. Libe Mendizabalen esanetan, «antolatzaileei galdetzen diegu non behar den jendea, izaten baitira tokiak bete ezinik ibiltzen direnak».
Duela bi urte, Iso inguruan, Nafarroa ipar-ekialdean, Irunberri eta Nabaskoitze artean, goizeko ordu txikietan, bakar-bakarrik, egon ziren Korrikaren zain. «Goierritik pasatzen denean jende mordoxka bat egoten da. Baina errepide bakartietan are eta bereziagoa izaten da Korrika. Pentsatzen duzu, guregatik doala Korrika aurrera eta kuriosoa izaten da. Polita da».
Gaurtik joango dira Kaparrotsu aldera. «Bezperatik joan, goizaldean korrika egin, lekukoa hartu, korrika pixka bat egin eta buelta».
Lazkaotik Dallora
Lazkaoko Ikastolako kideek ere gauza bera egingo dute, astelehenean, martxoaren 23an. Urriaren 4an, 50. Kilometroak antolatuko dutenez, Kilometroak kultur elkartearen izenean, Dallon (Araba) egingo dute Korrika, goizean, 09:24ean, Lazkaoko Ikastolako LH3-6 mailetako 300 ikaslek eta irakaslek.
Helburu desberdinak ditu egitasmoak, Kilometroak kultur elkarteko koordinatzailea den Xeber Maizak argitu duenez. Balio pedagogikoa du ikasleentzat. «Korrika lantzen da Ikastolan, ematen zaio garrantzia, baina sentipena izaten da Lazkaotik ez garela gehiegi ateratzen, eta gure ikasleak askotan ez direla behar adina kontziente euskararen egoera zein ezberdina den hain kilometro gutxiren barruan».
«Sentipena izaten da Lazkaotik ez garela gehiegi ateratzen, eta gure ikasleak askotan ez direla behar adina kontziente euskararen egoera zein ezberdina den hain kilometro gutxiren barruan»
Xeber Maiza. Kilometroetako koordinatzailea
Era horretan, egunotan, «Dallo herriaren inguruan eta hango euskararen inguruan lanketa bat egin dute eta egunean bertan, gure asmoa da, Kilometroetako opariak ematea Dalloko biztanleei, kamiseta bana-edo».
Goierrira datozenak
Baina Goierrira etorriko direnak ere badira. Korrika larunbatez iritsiko denez, hainbat euskal herritarrek aukeratu dute Goierri korrika egin eta lekukoa eramateko. Nekane Munduate Goierri beheko Korrikako arduradunak aurreratu duenez, Ezkion adibidez, Euskal Artzain Txakurren Adiskideen elkarteko kideek hartuko du lekukoa eta Altsasuko dantzariek, Itsasondon. Gehiago ere izango dira: ezkontza agurra duen kuadrillaren bat ere bai tartean.
Korrikak euskal herritarrak batzeko gaitasuna duenik ezin ukatu.

Joakin Txiki eta Tomasaren ondorengoak, bihar Lerinera
Bihar gauean, 22:00etan, Lerinen (Nafarroan) korrika egingo dute Joakin Txikiren eta Tomasaren ondorengoek. Beasaingo Goretti eta Mari Karmen Larrañagaren familiako 25-30 kide [80 urte pasa eta bi hilabete eskasekoak] elkartuko ditu Korrikak.
Familiako bigarren belaunaldiko Idurre Eskisabelek argitu duenez, amaren aldeko lehengusuek elkarrekin asteburu plana egiten dute Korrika tarteko dela. 2022an egin zuten lehendabizikoz plana. «Orokorrean, ezaugarritzen gaituen zerbait da euskara, eta euskaltzaletasuna», aitona-amonengandik eta gurasoengandik jasoa.
Eta ez da kasualitatea Nafarroa aukeratzea. «Aitona eta amona, Joakin Txiki Larrañaga eta Tomasa Arkotxa mutrikuarrak, biak oso euskal zaleak ziren, kontzientziaz. Mutrikuarrak izan arren, lau seme-alabak txiki samarrak zirela, lan kontuengatik Iruñera bizitzera joan behar izan zuten. Zerbaiten tematu baziren guraso bezala, izan zen, 50ko Iruñea erdaldun hartan, seme-alabek euskaldun izaten jarraituko zutela. Jarrera bat badago hor eta transmisio bat».
Korrikaren aitzakian egiten duten asteburuko planak badu beste zergati bat ere: «Harreman ona daukagu familiako bigarren eta hirugarren belaunaldikoen artean eta gustatzen zaigu elkarrekin egotea. Baina ez da erraza izaten elkartzea. Elkargune gisa aproposa da eta beste zergati bat hori ere bada».
Biharko egunak izango du emozio gehigarri bat: «Lehendabiziko aldiz gurasoak ere badatozela. Joakin Txiki eta Tomasaren seme-alabak ere badatozela. Lehen belaunaldi hori ere badator». Hiru belaunaldi Korrika.













