Denak izan daitezke idazle
Idazketarekin sormena euskaraz edo gazteleraz landu nahi dutenentzat, ikastaro bana daude eskura.
Monica Leivak gidatutako idazketa ikastaroaren lehen saioa.Hitza Irakurtzea eta idaztea gustuko duten 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta, idazketa ikastaroak antolatu ditu Legazpiko Udal Liburutegiak. Gaztelerazkoa martxan dago, Monica Leivak gidatuta, eta euskarazkoa hurrengo asteazkenean hasiko da, hilak 25, 18:00etan. Oihana Arana izango da gidaria.
Lau saioko ikastaroak dira, eta ez dute aurreko prestakuntza berezirik eskatzen. Kultur Etxean ematen dituzte.
Euskarazko ikastaroan badago tokia. Parte hartu nahi dutenek liburutegira joanda, 943 73 71 86 zenbakira deituta, 639 851 172 zenbakira whatsapp mezua bidalita edo liburutegia@legazpi.eus helbidera idatzita eman dezakete izena.
Esperimentatzeko gogoz
Bi larunbat eta bi ostegun dira gaztelerazko saioetarako aukeratu dituzte egunak, Monica Leivak gogoratu duenez. Otsailaren 28an hasi ziren, eta hurrengoak martxoaren 28an, maiatzaren 14an, eta ekainaren 11n izango dira. «Lau saio dira, hasteko, probatzeko».
«Jolasteko gune bat proposatzen diegu, probatzeko, bakoitzak bere ahotsa aurkitzeko, hitzekin jolasteko»
Monica Leiva. Gaztelerazko saioen gidaria
Taldean 14 pertsona daude izena emanda, «emakume eta gizon, baina gehienek emakumeak dira, eta adinari dagokionez, 40tik gorakoak dira, gehienak jubilatuak». Partaideak ikastarora hurbildu dira «denbora daukatelako, eta idazteko beldurrik ez, baina esperimentatzeko gogoa bai».
Horixe da, hain zuzen, saio hauen helburua, Leivaren esanetan: «Jolasteko gune bat proposatzen diegu, probatzeko, bakoitzak bere ahotsa aurkitzeko, hitzekin jolasteko. Beste batzuk dantzarekin, gorputzarekin, margoarekin egiten dutena, hitzekin egiten dute».
Saio dinamikoak
Saio praktikoak dira, eta Leivak jarraibide batzuk ematen dizkie partaideei, «jakiteko zeri buruz idatzi nahi duten, bakoitzak duen asmoa». Horretarako, «hitzekin jolastea eta beldurrak kentzea» proposatzen die, izan ere, «normalean guk idazten eskolan ikasten dugu, eta idazketaren alderdi kritikoa begiratzen dugu gehienbat, sormena alboratuta. Nire lana da sorkuntzaren alderdi hori azaleratzea. Idazten dugun dena ondo dago, eta ahaztu behar dira beldurrak eta lotsak».
Oso dinamikoa da guztia, eta ariketa praktikoak ugari eta bat-batekoak: «Idazlan bat egiteko eskatzen diet, hitz guztiak hizki zehatz batekin hasita, gai bati buruz idazteko esaten diet, zerbait irakurtzeko…». Saio parte hartzaileak ere badira, «eta oraindik lotsa pixka bat dute, idatzi dutena irakurtzen dute denen aurrean, partekatzeko. Ez da derrigorrezkoa, baina gehienak animatzen dira». Modu horretara «oso giro berezia» sortzen dela aitortu du Leivak.
Idazketa «arte bat» dela azpimarratu du, eta lotsak kendu behar direla. «Denak gara idazle potentzialak».













