Jasotako haurren jatorri eta argi bila
Fraisoro umezurztegian eta halako etxeetan jaiotako edo jasotako haurren ondorengoek, jatorri biologikoa ezagutzeko eskubidea aldarrikatu dute, Jasotako Haurrak elkartea sortuta. Aldundiak txosten pertsonalak ikusten utz dezan borrokan ari da, haurren memorian eta ondorengoen justiziaz.
Umezurtzak eta jasotako haurrak, Fraisoro ama-etxean (Zizurkil), 1928an. Hitza Fraisoro eta halako umezurztegietan jaiotako edo jasotako haurren ondorengoak beren jatorri biologikoa aurkitzeko nahian, bidea irekitzen ari dira. Jasotako Haurrak elkartea urtarrilean eratu zuten formalki, guraso, aitona-amona edo are aurreragoko arbasoren bat jasotakoa duten Gipuzkoako kideek osatua. 35 lagun elkartu dira oraingoz, tartean Goierrikoak ere bai, eta Administrazioak historikoki itxi izan duen informazio-bidea irekitzea, eta familia biologikoaren jatorria argitzea hartu dituzte helburu.
XX. mendearen hasieratik erdialdera, Fraisoron (Zizurkil, Gipuzkoa) bakarrik 12.000 ume exposito –umezurtzak, inork hartzeko erakusten zituztenak– bizi izan ziren. Gipuzkoan, guztira 14.000. «Gure senideen memoria berreskuratu nahi dugu, baita ume exposito hauek utzi zituzten amena ere. Gure jatorria ezagutzeko eskubidea aldarrikatzen dugu», azaldu du Jasotako Haurrak elkarteko kide Sara Etxartek. Elkartea sortzeko, funtsezkoa izan da bere birraitonaren jatorri biologiko bila egiten ari zen ikerketa, peskizak eta ekimena.
«Elkartasuna» da elkartetik eskaini nahi duten lehen zerbitzua, «jasotako haurren senideak eta ondorengoak batzea eta elkarri laguntzea». Informazioa eskuratzea da bigarren helburua, arbasoaren berri jakin nahi bai, baina nola ez dakitenei aholkularitza eskainiz. Eta, hirugarren, ez ahulagoa hala ere, «memoria eta justizia» ariketa egitea, dibulgazioa eta memoria historikoa nahiz soziala eguneratzea ahaztu gabe.
Espedientea ezin ikusi
Ume exposito bakoitzari espediente pertsonal bana egin ohi zion umezurztegiak edo haren ardura zuen erakundeak, kasu honetan, Gipuzkoako Diputazioak, haur haien tutore edo legezko arduradun zenez gero. Txostenak hiruzpalau orrialdekoak dira, baina batzuenak orri bakarrekoak. «Espediente horiek oraindik Gipuzkoako Foru Aldundiak dauzka bere esku, eta horiek ikusi ahal izatea lortzen saiatzen ari gara», zehaztu du Etxartek.
Gaur-gaurkoz, ez baita posible, eta Diputazioak ez dio inori erakusten, ezta zuzeneko sendikoei ere. Gizarte Politikako Departamentuak dauzka, eta kustodia harena zergatik den ere eztabaidatu du Jasotako Haurrak elkarteak. «Gaur egun, onartu dute ez luketela hor egon behar, eta aurreratu digute 2026an zehar Kultura Departamentura lekualdatuko dituztela».
Aldaketa horrekin, artxibo historikoaren tratamendua izango lukete, txostena sortu zenetik 50 urte edo dagokion pertsona hil zenetik 25 urte pasatuak badira. Hala eta guztiz, espedienteei artxibo historikoaren trataera emango dioten ez du oso argi elkarteak, haur eta nerabeen legea jartzen baitu aitzakia Diputazioak, eta «adoptatua» izan zenak soilik izango luke ikusteko eskubidea, auzia Kode Zibilera bideratuta.
«Gure senideen eta ume ‘espositoak’ utzi zituzten amen memoria berreskuratu nahi dugu, eta gure jatorria ezagutzeko eskubidea aldarrikatzen dugu»
Sara Etxart. Jasotako Haurrak elkartea
Elkarteak, baina, ziurtatu du jasotako haurrek ez zeukatela adoptatu izaerarik, «ume expositoak baizik. Ez zuten eskubiderik; zorte askorekin, baserriren batean hartu eta hazten zituzten. 8 urte betetakoan, Diputazioak galdetzen zion hartu zuen familiari ea ume harekin gelditu nahi zuten. Baina prohijamiento zen, oraingo harrera edo. Ez ziren legez adoptatuak, ez zeukaten legez familia haren abizenik, ezta herentziarako eskubiderik ere. Ume haiek ez zituzten adoptatuen eskubideak. Orduan, ez zaigu iruditzen orain trataera hori izan behar dutenik».
Orain arte, Gizarte Politiken sailean, adoptatuen tratamendua eman zaie. «Ulertzen dugu espediente bakoitza kasu berezia dela. Baina protokolo eta arau normatibo bezala mundu guztiari ezetz esatea, ez. Esanez, gainera, ez daukagula interes legitimorik, hori zer den teknikoki oso argi ez dagoen arren».
Arartekoaren babesa
Arartekoak eta Espainiako estatuko herritarraren defendatzaileak arrazoia elkarteari eman diote, artxiboen izaerak historiko modura tratatua izan beharko lukeela esaterakoan, kontsultarako eskubide inplizituarekin. «Horrek esan nahi du artxibo hori ikusteko eskubidea daukala senideak, edo ikertzaile batek edo edozein herritarrek. Hori da gure borroka».
Aldundiaren ebazpenaren zain daude orain. Bien bitartean, jasotako haurren ondorengoek, gaian interesa baldin badaukate, elkartean sartzeko atea irekita daukate (jasotakohaurrak@gmail.com). Donostian aurki ekimen bat antolatzekotan dira. Norbere jatorriaz galderak argitu nahia baita helburua; soilik, eta hainbeste.












